AldiriBi kiroldegia Altuna y Uria enpresak egingo du
Gaur arratsaldean osoko bilkura egin dute Urretxun. Besteak beste, AldiriBi kiroldegiko obra esleitu dute. Sei enpresa aurkeztu dira eta puntu gehien lortu dituena Altuna y Uria izan da. Obrak 6,1 milioiko aurrekontua izango du eta kiroldegia 2028ko udazkenerako prest egotea espero da. EAJk eta PSE-EEk aldeko botoa eman dute eta EH Bilduk abstentzioa eman du. EH Bilduko Julen Azpeitik proiektuari abstentzioa eman ziotela eta “koherentziagatik” esleipenari ere abstentzioa ematea erabaki dutela esan du.
Kiroldegia 5.000 metroko lursail batean egingo da, egun Urretxu-Zumarraga ikastolako patioa dagoen tokian. Kiroldegiak lau solairuko eraikina eta estalitako kantxa izango ditu. Igerilekuko sarrera aldatzea ahalbidetuko du, eraikin berritik sartuko baita igerilekura. Eraikinak erabilera anitzetarako lau gela, kantxako eta igerilekuko aldagelak, biltegia eta igogailua izango ditu. Parke bat ere egingo da. Eraikinak eta kantxak 1.800 metro koadro izango dute eta parkeak 3.700 metro koadro. Obrak bi urte inguru iraungo du.












