Valentin Larrearen jaiotzaren 150. urteurrena ospatuko dute Gabirian
Larrearen obrak interpretatuko dituzte igandeko emanaldian. Ignacio Arakistain, Aitor Garitano eta Eragiyok abesbatza izango dira.
Valentin Larrea Iturbe musikari gabiriarraren (1876-1970) jaiotzaren 150. urteurrena ospatuko dute elizan, igandean, 12:00etan. Urteurren emanaldian musikariaren konposaketak joko dituzte, eta musikari hauek arituko dira Larrearen lanak interpretatzen: Ignacio Arakistain organo-jotzailea, Aitor Garitano tenorra eta Eragiyok abesbatza.
Organoarekin, Andante en domayor, Preludio, Adagio y fuga, Elevación y Plegaria andante religioso lanak joko dituzte. Organoan eta tenorrean, Motete al santisimo, Panis Angelicus, Ave Maria eta Ikazkina Mendian. Abesbatzak organoarekin Villancico al niño Jesus eta Nere Etorrera, eta abesbatzak bakarrik Eresiak eta Euskal Festak.
Arakistain musikari azpeitiarrak Valentin Larrea Iturbe (1879-1970) musikariaren lan eta bizitzaren berreskurapen bidean gradu amaierako ikerketa lana egin zuen, Musikene Euskal Herriko Musikako Goi Mailako Ikastegian, organo ikasketak amaitzeko. Garitanok ere Musikenen Kantu Interpretazioan gradua eta masterra ikasi zituen, eta operako hainbat ekoizpenetan aritu da. Eragiyok, berriz, 2018an sortutako ahots grabeen abesbatza da, Euskal Herrian zein hortik kanpo sari ezberdinak irabazi dituena.
Musikariaren bizitza
Larrea gabiriarra piano-jotzailea izan zen. Bere aita Meliton Larrea organo-jotzailea zenez semeari txikitatik erakusten hasi zitzaion organoa eta solfeoa. Musikarako abilezia txikitatik erakutsi zuen eta gurasoek Madrilgo Musika eta Deklamazioko Eskola Nazionalera bidali zuten musika ikasketak egitera.
Ikasketak amaitu ostean Iruñeko Eslava Kasinoko piano-jotzaile postua lortu zuen. Iruñeko bizitza kulturalean oihartzun handia izan zuen. Hiriburuko Orfeoiaren sortzaileetako bat izan zen, eta bertako lehen tenorra izateaz gain orfeoiarentzako musika ere konposatu zuen. Felipe Aramendiak sortutako Aramendia boskotearen partaide izan zen 18 urtez.
Gabirian bizi ez bazen ere Larreak gabiriartzat zeukan bere burua. Hain zuzen ere, Gabiriari eskaini zion Goiko mendyan. Nire herri politari pianorako lana, eta 1912an La perla en el Oceano martxa konposatu zuen herriko eskola berrien inaugurazio ekitaldirako.
1948an erretiroa hartu zuen Iruñeko Eslavan 50 urtez lana egin ondoren. 1970ean zendu zen 93 urte zituela, bizitza oso bat musikari eskaini ondoren.












