Boxeo gaua Ormaiztegin
Euskadiko Txapelketako bost borroka eta amateur mailako lau izango dira. Boxeo neurketak izango dira horietako zortzi, eta K1-ean bestea.
Ormaiztegiko boxeo jaialdiko orain bi urteko argazkia.Angel Elortza Boxeo ekitaldia antolatu du Euskobox promotoreak Ormaiztegiko Zubipe kiroldegian, bihar, 20:00etan. Boxeo neoprofesionaleko Euskadiko Txapelketako bost borroka, boxeo amateurreko lau eta K1 edo Kick Boxing-eko beste bat ikusteko aukera egongo da. Denera bederatzi borroka izango dira. Emakumezkoen bi borroka egongo dira eta gizonezkoen zazpi.
Ekitaldia Goierrin izanik borrokalarien zerrendan bertako izen batzuk daude, bai gizonezkoetan eta baita emakumezkoetan ere. Esmeralda Ferreiro itsasondoarrak Euskadiko Txapelketa jokatuko du. Bestalde, Israel Etxeberria ordiziarrak eta Ekaitz Jaunarena zein Gabriel Moreno Zumarragarrek boxeo amateurrean borrokatuko dute. Xabat Tolosa lazkaotarrak K1-ean borrokatuko du.
Goierrikoa ez diren baina Ormaiztegiko boxeo gaualdian garrantzia daukaten boxeolariak ere izango dira. Adibidez, Ayoub El Mzlazik, aurreko lau ekitaldietan lehiatu du. Gainera bere aurkaria aurreko urteko bera izango da, Juan Blanque. Aurreko aldian El Mzlazik irabazi zuen.
Lehenengo aldiz Euskadiko Txapelketako bost borroka ikusteko aukera egongo dela Ormaiztegin adierazi du Roberto Corona Euskoboxeko kideak: «Horrelako aukerak ez dira egunero izaten».
Ikusleen erantzuna
Ormaiztegiko boxeo ekitaldia 2022an hasi zirela egiten adierazi du Coronak: «Ikusleen erantzun ona dela eta, geroz eta ekitaldi gehiago ari gara antolatzen Goierrin». Biharkoaz gain, azaroaren 7an, beste boxeo jaialdi bat antolatuko dutela Ormaiztegin bertan, aurreratu du. Gainera, horrelako boxeo ekitaldien eta Ordiziakoaren arteko «desberdintasunak» nabarmendu ditu: «Ordiziakoak 75 urteko ibilbidea duenez aski ezaguna da. Ormaiztegikoa bezalakoak, ordea, ez ditu horrenbeste jendek ezagutzen, beraz, jendea erakartzeko lan handia egin behar da».













