Legazpiko irudi argitaragabeekin osatutako ikus-entzunezkoa eskainiko dute larunbatean
1970eko hamarkadako irudiak dira, RTVEk eginak, eta La Salleren artxibokoak. Josean Larreak gordeta izan ditu, eta biharko emanaldirako moldatu ditu Joseba semearen laguntzarekin. Plazan egingo dute proiekzioa, 22:00etan.
Ikus-entzunezkoaren fotograma bat. Orain arte argia ikusi ez duten 1970eko hamarkadako Legazpiko irudiekin osatutako ikus-entzunezkoa eskainiko dute bihar Euskal Herria plazan, 22:00etan, Burdin Festaren barruan. Zine Klub elkarteko Josean Larreak Joseba semearekin osatu duen lana da, eta urte haietan RTVEk hartutako irudiak dira.
La Salle ikastetxean zeuden irudiak gordeta, eta gerora, Larreak izan ditu jasota, argira ateratzeko une hau iritsi den arte. Orduko Legazpiko kaleak eta jendea ikusiko dira lan horretan.
Salletar anaiek Legazpiko Artzain Onaren ikastetxea utzi zutenean jakin zuen irudi haietaz Larreak. “Azken garbiketak egiten ari zirenean, 16 milimetroko formatuan grabatutako bobina bat agertu zen, eta Iñaki Zelaiaren bidez Hots komunikazio proiektuaren barruan ikus-entzunezkoak egiten zuen Hotsikus taldera iritsi zen, niri eman zidan zehazki, gordetzeko”, azaldu du Larreak, “baina ez genekien zer zegoen grabatuta”.
Legazpiri buruzko monografikoa
Grabazioa 1983an jaso zuen Larreak, eta ordutik gordeta izan du, aurtengo maiatzera arte. Materiala Burdin Festarako aproposa izan zitekeela pentsatu zuen, eta Euskal Filmotekara eraman zuen. “Han digitalizatu egin zuten, eta sorpresa hartu genuen, oso material baliotsua zelako”. Ez dute data zehatzik, baina uste dute 1971an grabatutako pelikula dela, Madriletik etorritako RTVEren ekipo batek egindakoa, “eta ziur gaude horretaz, klaketak agertzen direlako”.
Hura ikusitakoan, telebista katera deitu zuen Larreak, eta jakin ahal izan zuen grabaketa hura orduan egunero ematen zuten Buenas tardes izeneko saiorako egin zutela. “Badirudi Legazpiri buruzko monografiko baterako grabatu zituztela irudiak, eta saiatu nintzen bota zuten programa aurkitzen, baina artxiboetan garai hartako materialik ez zutela erantzun zidaten. Nik gordeta izan nuen pelikula ere ez zuten, eta telebistako arduradunentzat ere sorpresa izan zen. Kopia digitala bidali nien, eta orain bai, gordeta dute, eta telebista espainoleko artxibo nagusian dago”.
Pelikularen edukiari dagokionez, “badirudi Patrizio Etxeberriaren figurari, enpresari eta Legazpiko garapenari buruzko lana izan zela”.
Jatorrizko irudi haiek editatu egin dituzte Larrea aita-semeak. Emaitza 17 minutu inguruko iraupena duen lana da, “eta hor ikusten da garai hartako Legazpi: kaleak, auzoak, Mirandaola, lantegi barrua eta jendea, horien artean herriko bi ikastetxetako ikasleak”.














