Giro bikaina jaietako bigarren egunean
Urretxuarrak jaietako bigarren eguna ospatzen ari dira. Eguraldi bikaina lagun, goiz ederra pasa dute. Urretxuko baserritarrek ganadu erakusketa egin dute, trikitilariek eta bertsolariek girotuta. Haurrek poniak, zezen mekanikoa eta errekortari jokoak izan dituzte. Idi proba ere izan da. Iker Zubillaga Igeldoren eta Ander Aizpuru Olalderen idiak aritu dira. Gainera, Kresala dantza taldeak Hitaz orhoit ikuskizuna egin du.
Arratsaldean ere makina bat ekitaldi izango da. Horra hor arratsaldeko eta gaueko egitaraua:
- 16:00. Xake txapelketa Areizaga plazan.
- 16:00. Gastronomia lehiaketa Gernikako Arbola plazan.
- 16:30. Egurrezko jolasak Belaustegi plazan.
- 17:30. Idi proba. Asier Izagirre Ipiñarrieta eta Iñaki Irigoras.
- 18:00. Haur eta gaztetxoentzako sukaldari tailerrak Gernikako Arbola plazan.
- 19:30. Txistularien alardea, Iparragirre plazan.
- 20:00. Elektrotxufla elektrotxaranga.
- 20:00. Dlaheyzz txosnetan.
- 21:00. Gastronomia lehiaketaren sari banaketa.
- 23:00. Kaotiko taldearen kontzertua Gernikako Arbola plazan.
- 23:00. Ganibet, Xaribari, Sedientos de Cumbia eta Xaukena Xauk DJ txosnagunean.
- 01:00-04:00. Drogei buruzko informazioa eta analisiak txosnagunean.














