Primerako giroa Zeraingo Azoka Ekologikoan
Azoka Ekologikoa ospatzen ari dira Zerainen. Gipuzkoako azoka ekologiko zaharrenaren 32. edizioa da. Biolurrek, Zerain Dezagun Fundazioak, ENEEK-Ekolurrak eta Biziolak Zeraingo Udalaren laguntzarekin antolatu dute, beste behin. Aurten urriaren 24a arte luzatuko den Goierriko 17. Hamabostaldi Ekologikoa ireki du.
Aurten, Biolurreko hogei bat inguru ekoizlek jarri dituzte euren postuak Zerainen. Gehienak, urteroko hitzordura hutsik egiten ez duten goierritarrak dira. Barazkiak, gaztak, marmeladak, haziak, ogia, fruta… daude aukeran, besteak beste.
Artisaurik ere ez da falta. Aurten hamabost inguru elkartu dira. Saskigintza tradizionalari txokoa egin zaio, Jose Luis Etxeberria eta Arrate Lizarralderen eskutik.
Itsasoko Hariztizabal baserriko Itsaso Olabiderekin gailetak egiteko aukera ere bada, eta azken urteetan bezala, Osoa Cooking-eko Anne Otegi itsasondoarra azokan erositako produktuekin errezeta goxoak egiten ari da.
Bestalde, aurten lehen aldiz, Zeraingo museo etnografikoko ateak ireki dituzte gerturatzen den edonork bisitatu dezan. Bertan, Pirinioetako Burdin Bidearen argazki erakusketa dago ikusgai.
Azoka jai giroan amaitzeko, herri bazkari ekologikoa ere antolatu dute. Biziolak egindako paella izango da aukeran.













