Itsasondoko jaietako asteburua, iruditan
Giro ederrean eta herritarren parte-hartze handiarekin joan dira Itsasondoko jaiak.
Ijitu futbol taldeko kideek jaurti zuten jaien hasierako pregoia. Itsasondoko Udala Asteburua topera gozatuta, giro ederrean, eguraldi onarekin eta herritarren parte-hartze handiarekin joan dira Itsasondoko jaiak. Ostiral arratsaldetik atzora arte, ekitaldiz beteriko asteburua izan dute herritarrek. Kuadrilla egunarekin hasi, mozorro egunean herria irudimenez bete eta ijittoaren igoerarekin agurtu zituzten jaiak, atzo iluntzean.
Nagore Etxeberria alkateordeak azaldu du ekintza guztiak “arrakastaz” burutu direla: “Dena ongi joan da, jendetza bildu da ekintzetan, eta umorea nagusitu da”. Herri afarian, ia 200 lagun bildu ziren.
Larunbateko mozorro egunean ere izan zen berrikuntzarik. Izan ere, diplomak banatu beharrean, sari ezberdinak banatu zituzten. Horien artea datorren urteko jaietako pregoia botako zuen herritarra zozketatu zen, eta gaztetxo kuadrilla bati tokatu zitzaion. “Haiek izango dira datorren urtean udaletxeko balkoira igo, pregoia irakurri eta ijittoa jaisteko ardura hartuko dutenak”, gogoratu du Etxeberriak.
Hona hemen asteburuko zenbait irudi.
Argazkiak: Itsasondoko Udala













