Ostegunean hasiko da 'Ondo ibili ondo izan' egitasmoa
Kirol Orientazio Zerbitzua martxan dago jada. Zerbitzua zabalduko dute eskari handia dagoelako.
Martina Barandiaran (Nagusilan), Mari Luz Larraona (Asmube), Leire Artola alkatea, Peru Elosegi kirol orientatzailea, Trini Barandiaran (Asmube) eta Elena Ruiz kirol zinegotzia, ekimenen aurkezpenean.Laida Goiburu Jarduera fisikoa sustatzeko, sedentarismoa murrizteko eta, azken finean, ongizate integrala sustatzeko bi ekimen ditu martxan Beasaingo Udalak: asteroko Ondo ibili ondo izan ibilaldi gidatuak eta osasun etxetik bideratzen den Kirol Orientazio Zerbitzua. Ikasturte berriko ibilaldiak ostegunean hasiko dira, eta orientazio zerbitzua martxan dago jada.
Peru Elosegi Sukia da Beasaingo Kirol Orientatzailea. Berak gidatzen ditu bi egitasmoak. Gaur eguerdian eman ditu ekimenen inguruko xehetasunak Leire Artola alkatearekin eta Elena Ruiz kirol zinegotziarekin batera. Asmube Beasaingo Emakumeen Elkarteko eta Nagusilaneko ordezkariek ere parte hartu dute aurkezpenean.
Ostegunean hasiko da Ondo ibili ondo izan. Ostegunero 10:00etan elkartuko dira Gernika pasealekuko frontoiaren ondoan. Ez da izenik eman behar, han azaltzearekin nahikoa da. Ordu eta erdiko saioak dira. Elosegik azaldu duen bezala, eguraldiaren menpeko jarduera denez, ibilaldi luzeagoak edo laburragoak izan daitezke: “Euria egiten badu, oinez kiroldegira joaten gara eta bertan jolas eta mugimendu artikularrak egiten ditugu, eta beti hasierako lekura bueltatzen gara”. Bukatutakoan, Urbiberri gizarte zentrora joaten dira elkarrekin kafea hartzera. Herritar guztiak gonbidatu ditu kirol orientatzaileak ibilaldietan parte hartzera, “ez delako berdina bakarrik edo taldean ateratzea eta sozializatzeko oso tresna garrantzitsua” delako.
Azken ostegunetan hitzaldiak
Ibilaldiez gain, hilabetero azken ostegunetan hitzaldiak eskaintzen dituzte ekimenaren barruan osasun etxearekin elkarlanean. Asmubeko eta Nagusilaneko ordezkariek Ondo ibili ondo izan ekimenak bakardadeari aurre egiteko duen balioa azpimarratu dute: “Beasainen bakardade handia dago, jende asko bizi da bakarrik eta horiei esan ez egoteko lotsatuta, probatzeko eta gero erabakitzeko. Hor ibiltzen dugun giroa komeni zaie askori eta askori”.
Asmubeko, Nagusilaneko, Urbiberriko eta Aita Menniko erabiltzaileek parte hartzen dute ekimenean, baina saio irekiak dira, eta ahalik eta talde handiena eta profil askotarikoa batzea dute helburu.
Azterketa eta jarraipena
Orientazio zerbitzua, berriz, astelehenetan eskaintzen dute osasun etxean, 10:30etik 12:30era. Medikuek bideratzen dituzte pazienteak Kirol Orientazio Zerbitzura: “Nik jasotzen ditut deribazio horiek, eta lehen txanda horretan aztertzen ditut pertsonaren patologia, gaixotasun zein bestelako arazoak, ebaluazioa egiten da eta gomendio batzuk ematen zaizkio jarduera fisikoaren praktikarekin hasi edo jarraitzeko, bere arazo horiei aurre egiteko ze komeni zaion esanez”, azaldu du Elosegik. Ondoren, jarraipen zehatzagoa egiteko bi edo lau astera itzultzen dira orientatzailearena, bilakaera aztertu eta hurrengo pausoak zehazteko. Elosegik nabarmendu du zerbitzua jasotzeko garrantzitsua dela osasun etxera jotzea, handik egiten baitituzte deribazioak.
Kirol zinegotziak gehitu duenez, “harrera oso-oso ona” izan du zerbitzuak, eta horregatik, eskari handia dagoelako, zabaldu egingo dute. Aurrerago zehaztuko dituzte zabaltzearen ezaugarriak, dagokien eragileekin adostean.
Elkarlana oinarrian
Udalaren helburu nagusia, Leire Artola alkatearen esanetan, “herritarren ongizate integrala sustatzea da, jarduera fisiko edo osasun fisiko aldetik baina ongizate emozionala kontuan hartuta”. Bi ekimenak antolatu ahal izateko elkarlana nabarmendu du: “Ez lirateke posible izango elkarlanik egongo ez balitz, beraz, eskerrak Asmuberi, Nagusilani, Aita Menniri, osasun zentroari eta kiroldegiari, guztion arten proiektu hauek aurrera eramatea posible egiten dugulako”.













