50. Kilometroak jaia aurkeztu dute Lazkaon
Egitaraua aurkeztu, antolaketan parte-hartu duten guztiei eskertu eta ikasleek antolatu duten 'Denboraren tunela' ekimena azaldu dute, urteurren "borobila" ospatzeko asmoz.
50. Kilometroak jaiaren aurkezpena, Lazkaon.Manex Usarralde Kilometroak jaiaren 50. edizioa aurkeztu dute Lazkaon, gaur goizean. Herriko ikastolak antolatuta, 1977an lehen edizioa ospatu zen toki berean egingo da 50. edizioa, urriaren 4an. Gainera, horren adierazle da aurtengo leloa, ‘Ibilian- ibilian, buelta’.
Irantzu Amundarain Lazkaoko ikastolako lehendakariak azpimarratu duenez, “ez da edizio arrunta izango; mende erdiko ibilbidea ospatzeko aukera paregabea ez ezik, urte hauetan guztietan euskararen, hezkuntzaren eta herrigintzaren alde lanean aritu diren pertsonak omentzeko eguna ere” izango da.
“Zuen konpromisoari, ilusioari eta eguneroko ekarpenari esker ospatuko dugu 50. edizio berezi hau”
Lazkaoko ikastolako lehendakaria, Irantzu Amundarain
Aurtengo Kilometroak jai honen atzean lan “handia” egon dela, eta herritarren parte hartzea “ikaragarria” izan dela adierazi du Amundarainek: “Urriaren 4rako ere boluntario asko beharko dira, 1000 lagun inguru”. Egunean bertan lagunduko dutenei, zein urte osoan lagundu duten guztiei eskertu die: “Zuen konpromisoari, ilusioari eta eguneroko ekarpenari esker ospatuko dugu Lazkaon 50. edizio berezi hau”.
Euskal komunitatea josten
Urte horietan guztietan Kilometroak jaiak euskararentzat izan duen garrantzia azpimarratu du Aitor Elizaran, KMK kultur-elkarteko lehendakariak: “Euskaratik eta euskararentzat egindako auzolan erraldoia da. Euskal komunitatea josteko, aisialdian bizitzeko, kulturan parte hartzeko eta pertsonen egunerokoan presente egoteko hizkuntza izatea nahi dugu”.
“Ikusi dut herrian nolako ilusioa piztu den. Haur, gazte, guraso, aiton-amonak eskuz esku ikusi ditut”
KMK kultur-elkarteko lehendakaria, Aitor Elizaran
Kultur-elkarteko lehendakariak eskertu die lazkaotarrei urte osoan egindako lana: “Ikusi dut herrian nolako ilusioa piztu den urtebete honetan. Haur, gazte, guraso, aiton-amonak eskuz esku ikusi ditut”. Herritik “sortu” zirela ikastolak, eta herriarentzat ari direla “lanean” ere nabarmendu du, “herri euskaldunagoa, kohesionatuagoa eta parte-hartzaileagoa eraikitzeko”.
Egitarau oparoa
Urriaren 4ko jai handian 4 gune izango dira Lazkaon zehar: Ikastola ingurukoa, erdigunean; Iturrialdea, Lazkao Txiki plaza eta Gurutze auzoan kokatuko dira beste hiru guneak. Xeber Maiza Lazkaoko Kilometroen koordinatzaileak azaldu duenez, “urte osoan zehar arropa saltzeko Hirigoien kalean jarritako ‘Enparantza” gunean KMK irratia egongo da egun horretan”, eguneko protagonisten hitzak “jaso” eta egunak ematen duena “laburbiltzeko”.
Kilometroak tonbola ere jarriko dute egun horretan, Lazkaon. Urte osoan zehar 10.000 opari bildu dira tonbolako sarietan banatzeko; Lazkao, Beasain eta Ordiziako jaietan saldu dira hainbat txartel, eta tonbolan parte hartzeko azken aukera urriaren 4an izango da, Kilometroak egunean bertan.
“Inoizko Erronkarik handiena izango da, 25 ikastola parte-hartzaileekin”
Lazkaoko Kilometroetako koordinatzailea, Xeber Maiza
Erronka ekimena ere burutuko da egun handian. Horretan, hainbat ikastoletako bigarren hezkuntzako ikasleak “norgehiagokan arituko dira, probaz proba euren abileziak erakusteko” azaldu du Kilometroen koordinatzaileak, eta aurtengo Erronkaren “arrakasta” azpimarratu: “Inoizko Erronkarik handiena izango da, aurtengoa, 25 ikastoletako gazteek hartuko baitute parte”.
Denboraren tunela
50. edizioa dela eta ikastolako euskara taldeko ikasleek ‘Denboraren tunela’ deituriko ekimena antolatu dute. Horren azalpena Mara Naldaiz eta Amalur Agirrezabala ikasleek eman dute: “Jai eremuan 5 tunel, hamarkadaka banatuta, eta bakoitzaren barruan hamarkada horietako Kilometroak jaien inguruko informazio panelak egongo dira”.
“Etorkizunerako prest gaudela erakutsi nahi dugu”
Lazkaoko ikastolako ikasleak, Mara Naldaiz eta Amalur Agirrezabala
Ikasleek gehitu dutenez, ekimenarekin, “etorkizunerako prest gaudela erakutsi nahi dugu”. Horretarako, beste seigarren tunel bat “sortuko” dutela aurreratu dute, “jendearen ekarpenak” jasotzeko asmoz. Izan ere, beraientzat, 50. edizio honetan garrantzitsua da nondik datozen “presente” edukitzeaz gain, etorkizunerako Kilometroen beharraz “jabetzea”.
EGITARAUA
1. Gunea. Iturrialde aparkalekua
11:00-12:00 Edu Zardoya
12:30-13:30 Skabidean
14:00-15:30 Muxutruk
16:00-17:00 Nafarroa 1512
Ondoren, Suthai batukadarekin gunearen itxiera
2. Gunea. Lazkao Txiki plaza
11:00-12:00 Oin Arin dantza taldea
12:30-13:30 Herri kirolak desafioa (Lazkaomendi-Urretxu)
13:30-14:30 Bertsolariak
15:00-16:00 Sukia eta Marki trikitilariak
3. Gunea. Ikastola/ Plaza
9:00-10:00 Goizeresia txistulariekin eta Lazkaoko Joaldunekin
10:00-10:30 Irekiera ekitaldia Ikastolan (DBH eraikinean)
11:00 JTK Joaldunak
12:00-13:00 Trakamatraka (udaletxe aurrean)
15:00-17:00 Goxuan Salsa
17:30-19:00 Gozategi (Alaitz eta Maider)
4. Gunea. Hirigoien plaza/ Gurutze kirolgunea
10:00-10:45 Erronka irekiera
10:00-12:00 Dj Kaktus
12:00 Buruhandi eta erraldoien konpartsaren irteera
12:30-13:30 Esanezin
14:00-15:00 Eider Saez
15:30-16:30 Goazen













