Ampo Ordiziak igandean hasiko du denboraldi berria, Madrilen
Liceo Frances taldearen aurka jokatuko du, Madrilen. Simone Ragusi entrenatzaile berriarekin ziklo berria hasiko dute.
Gaur goizean egin dute denboraldi berriko aurkezpen ofiziala, Idiazabalen. Izaro Villarreal 2026-2027 denboraldiari ekingo dio asteburu honetan Ampo Ordiziak. Lehen jardunaldian, Liceo Francésen aurka neurtuko ditu indarrak, Madrilen, igandean 12:30ean hasita. Denboraldi berriaren aurkezpena egin dute gaur eguerdian Idiazabalgo Ampo kooperatiban, klubeko eta enpresako ordezkariekin. Altamiran, berriz, urriaren 4an jokatuko du taldeak denboraldiko lehen partida, Pozueloren aurka.
Iban Ferreira Ampo kooperatibako Errektore Kontseiluko kideak hartu du lehendabizi hitza. Gaur arteko ibilbide guztiaren errepasoa egin du, eta gogoratu duenez, hemeretzi urte igaro dira Ampo Ordizia errugbi elkarteko lehen taldea babesten hasi zenetik. Ordura arteko ibilbidea «luzea» eta «arrakastatsua» izan dela nabarmendu du, eta errugbi taldeak ordezkatzen dituen balioen garrantzia azpimarratu du: elkartasuna, lehiakortasuna eta talde lana, besteak beste. Horrez gain, harrobia lantzen jarraitzearen aldeko apustua berretsi du Ferreirak, herriko eta eskualdeko jokalariei gorengo mailan aritzeko aukera eskaintzea helburu.
Koro Bosque Ordizia errugbi elkarteko lehendakariak hitz egin du ondoren, Ampo kooperatibarentzat esker oneko hitzekin: «Mila esker gure alde egiteagatik, gure balioetan sinesteagatik eta bidaia zirraragarri honetan gure alboan egoteagatik; espero dugu elkarrekin ahazten jarraitzea eta helburu handiak lortzea».
Entrenatzaile berria
Ohiko moduan, jokari batzuk joan besteak etorri, pertsonalean aldaketak egongo dira denboraldi berrian ere, eta iazko moduan, aurten ere aldaketa nagusietako bat entrenatzailearen aulkian izango du Ampo Ordiziak. Suso Romero sevillarraren lekukoa hartuta, Simone Ragusi izango da lehen taldearen entrenatzaile berria. Italiatik dator, eta eta jokalari zein entrenatzaile gisa nazioarteko ibilbide luzea du bizkar gainean.
Ragusik aitortu duenez, «erronka handia» izango da, baina ilusioz hartu du ardura. «Talde indartsua daukagu, gaztea, bertako zein kanpoko jokalariez osatua, eta ziur naiz emaitza onak lor ditzakegula», azaldu du. Entrenatzen hasi zirenetik jarraitu duten lan-ildoari eutsiko diola adierazi du aurrerantzean ere, emaitzetan baino gehiago eguneroko lanean eta entrenamenduen kalitatean arreta jarriz.
Denboraldiko helburuak
Ohorezko Mailan daudenetik hamarreko ligan sartzea helburu izan dutela azpimarratu du elkarteko zuzendaritzak: «Ez da erraza izan, urte gogorrak izan dira, baina hamar onenen artean sartzea lortu dugu». Hamar taldez osaturiko liga izango dute aurtengoan, eta ziurtatu dute liga osatzen duten talde guztien artean «herri bakarra» dela Ordizia: «Gainerako guztiak hiriburuetako taldeak dira, horrek dakartzan erraztasun guztiekin».
Ildo horretan, «borrokan» jarraituko dutela adierazi dute, etxekoak trebatuz, Euskal Herriko errugbilari trebeak ekarriz eta kanpotik datozenak herrian integratuz. «Geroz eta elitistagoa da Euskal Herrian errugbia praktikatzea; geroz eta zailtasun gehiago daude, baina guk ez ditugu gure balioak galduko», ondorioztatu dute.
Zalegoari deia
Jon Ander Caballero Ordiziako Udaleko kirol zinegotzia ere aurkezpenean izan da, eta Ampo Ordizia babesten duten erakunde, enpresa zein norbanako guztiei eskerrak eman dizkie. «Ilusioz gaude, eta herriak ere ilusio hori berreskuratzeko gogo handia daukagu; zorterik onena opa diet jokalariei, zaharrei animorik handiena eta berriei ongi etorririk beroena», gaineratu du. Zentzu horretan, igandetan Altamirako zelaira gerturatzeko gonbidapena egin die ordiziar eta goierritar guztiei.













