Egun betea larunbatean, San Migel jaiak ospatzeko
30. Mendi bizikleta probak emango dio hasiera egunari. Harrikalarien 29. txapelketa eguerdian jokatuko dute Gizarte etxean. Iluntzeko herri afarian 434 herritarrek hartuko dute parte.
Oier Alustiza, 28. Harrikalari Txapelketako bigarrena, harria botatzen. Angel Elorza San Migel jaiak ospatzeko dena prest dute dagoeneko Ormaiztegin. Larunbatean egingo dute egun osoko ospakizuna, besteak beste, mendi bizikleta proba, Harrikalari txapelketa eta afari herrikoa hartuko dituen egitarauarekin.
Txirrindularien Lagunak elkarteko kideen antolatutako 30. Mendi bizikleta probarekin hasiko dute eguna. 8:15ean irekiko dute izen ematea udaletxean. Helduen izen ematea 10 euroko izango da, 14 eta 18 urte bitartekoena eta federatuena 5 eurokoa eta 14 urtetik azpikoentzako doan. 9:00etan izango da irteera eta ibilbidea amaituta, mokadutxoa eta opariak izango dira parte hartzaileentzat.
Herrigunean, bestetik, San Andres herri eskolako guraso elkarteak antolatuta, haurrentzako jolasak izango dira plazan eta inguruan eguerdira bitartean.
Toka txapelketa herrikoia eta Harrikalarien 29. txapelketa, Xabin Ezkurdiaren omenezko 2.ena, jokatuko dituzte eguerdian Gizarte etxean. Orain arteko errekorrak ondorengoak dira: 28,95 metro, Borja Irizarrek 2.080 gramoko harriarekin; 31,70 metro Aritz Maizek, 1.680 gramoko harriarekin; 15,73 metro Amai Eskisabelek, 1.680 gramoko harriarekin eta 31 metro Aitzol Kallejok, 1.780 gramoko harriarekin.
Jai herrikoiak
Herriko jai nagusiak ez diren arren, oso maite dituzte San Migelak ormaiztegiarrek, eta hori nabaria da parte hartze mailari begiratuta. Mus txapelketa herrikoiak, 34. urtea beteko du aurten. 16:00etan emango diote hasiera eliz atarian, —izen ematea 15:00etatik 15:45era—. Bikoteko 20 euroko kostua izango du.
Patata tortilla txapelketan (17:45) 12 bikotek eman dute izena, momentuz. Ostegunean da izena emateko azken eguna, kultura@ormaiztegi.eus helbidean. Arratsaldea girotzeko, gazte asanbladako kideekin karropoteoa izango da 19:30etik 21:00ak ingurura arte. Jarraian, afari herrikoiari emango diote hasiera plazako karpan. Aurten, 434 herritar elkartuko dira bertan. Urtetik urtera, haziz doa kopurua. Ohi bezala, udalak edaria eta sarrerako odolkia eta txorizoa jarriko ditu.
Eguna amaitzeko, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak girotuko du afalondorena urteroko hitzorduari hutsik egin gabe.















