Ostiraletik asteartera, San Migel jaietan murgilduko dira Altzagan
San Migel egun handiarekin itxiko dute ekinaldia, asteartean. Lehiaketak, tailerrak, bertsoak, musika eta gehiago izango dira.
San Migel jaietan murgilduko dira altzagarrak ostiraletik asteartera bitartean, eta tradizioz zein berrikuntzez beteriko egitaraua ondu dute. Azken urteko ohiturari jarraiki eta iaz hartutako erabakira sendo eutsita, aurtengoan ere ez da jaien hasierako pregoirik izango Altzagan. «Herriko animaliak babesteko harturiko neurria» izan zen iaz, eta orduz geroztik, suziririk gabeko jaiak dira San Migelak.
Ostiraleko ekitaldiak gastronomian, kirolean eta herritarren arteko lehia bizi bezain berezian oinarrituko dira. Patata tortilla eta frontenis txapelketak izango dituzte. 19:00etan hasiko da patata tortilla lehiaketa, eta hamalau bikote inguru ariko direla aurreratu du Maite Garmendia alkateak. Lehiaketaren ondoren egindako tortillak dastatzeaz gain, txistorra eta hirugiharra ere banatuko dute bertaratzen diren herritarrentzat. Amaitutakoan, frontenisari ekingo diote. Izena emateko epea itxita dago dagoeneko, eta zortzi bikotek parte hartuko dute. Arratsaldea, gainera, trikitilariek girotua izango da, Iker Sukia eta Markinezen eskutik.
Berrikuntzak, iazkotik
Aurtengoan ez da herri kirolik zein sagardo dastaketarik egingo, baina horren ordez, berrikuntza gisa, Altzagaratera igoera antolatu dute. Larunbat goizean izango da, 10:30ean: Itsasondoko plazan elkartuko dira parte-hartzaile guztiak, eta argazkiak atera ondoren abiatuko dira Aramako bidegurutzera, handik Altzagaratera igotzeko. Altzagako herritarrez gain, Itsasondoko zein Aramako herritarrek ere parte hartuko dutela jakinarazi du Garmendiak, nahiz eta adierazi duen edonorentzat zabalik dela parte-hartzea. Amaitutakoan, partaide eta laguntzaile guztientzat txorizo egosia eta gazta banatuko dute Altzagako plazan.
Ondoren, 90 herritar bildu ohi dituen herri afaria egingo dute, Aguraingo Sarayola katerin-aren eskutik, eta ondoren, Iratzar taldearen erromeria izango da. Igandean, berriz, haurrentzako zirko tailerra izango da eguerdian, Zirkuolaren eskutik. Aurrez izena ematea beharrezkoa izango da, eta gaur itxiko da epea –638 061 522 zenbakira deituta–.
Egun handia, asteartean
Asteartean itxiko dituzte jaiak, azkenik, San Migel zaindariaren egun handiarekin. Ohiko moduan, meza nagusia, herri bazkaria eta bertso saioa izango dituzte. Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia bertsolariak arituko dira kantuan, eta Imanol Intsausti eta Iñaki Larrañaga trikitilarien doinuek lagunduko dute.
Autobusa larunbatean
Larunbat gauerako Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia jarriko du. Altzagara joateko ordutegia honakoa izango da: Legorreta (22:30), Itsasondo (22:35), Ordizia (22:45), Arama (22:55), Altzaga (23:00). Itzulerakoa, berriz: Altzaga (02:00), Arama (02:05), Itsasondo (02.20), Ordizia (02:30), Beasain (02:35).
EGITARAUA
Irailak 25, ostirala
- 19:00. Patata tortilla lehiaketa, Iker Sukia eta Markinez trikitilariek girotuta.
- Ondoren. Frontenis Txapelketa.
Irailak 26, larunbata
- 10:30. Altzagaratera igoera, Itsasondoko plazatik hasita eta Aramako Bidegurutzetik igarota. Amaitutakoan, jatekoa izango da Altzagako plazan.
- 21:00. Herri afaria, Sarayola katerin-aren eskutik.
- 23:00. Erromeria, Iratzar taldearen eskutik.
Irailak 27, igandea
- 11:00-13:00. Haurrentzat zirko tailerra, Zirkuolaren eskutik. Gaur da apuntatzeko azken eguna, irailaren 23a. 638 061 522 telefono zenbakira deitu behar da.
Asteartea, San Migel eguna
- 12:30. Meza nagusia.
- 14:00. Herri bazkaria eta bertso saioa, Altzagako elkartean. Bertsolariak: Iban Urdangarin eta Iker Zubeldia. Trikitilariak: Imanol Intsausti eta Iñaki Larrañaga.













