‘Hauspoa&Tunela’ dokumentalak AEBetan saria lortu du
Zumarragak trikitixaren jatorrian eta historian izan duen garrantziari buruzko Hauspoa&Tunela dokumentalak film labur dokumental onenaren saria jaso berri du Georgiako (AEB) American Motion Pictures Festival jaialdian.
Gorka Hermosak eta Iñaki Pinedok zuzendutako dokumentalak beste bi sari ere irabazi ditu: Arjuntalan (India) lehen saria eta Buenos Airesen (Argentina) bigarren saria.
Dokumentalak, 1859an, Madril-Paris trenbidearen obrak zirela eta, Zumarragara, iritsi zen langile italiar batek jotzen zuen akordeoi txiki baten historia kontatzen du. Akordeoi hark hazi bat landatu zuen Euskal Herriaren bihotzean eta segituan inguruko panderojoleen antzinako soinuarekin bat egin zuen. Italiar langile hura, Juan Bautista Busca, bizi izan zen etxetik metro gutxira, Euxebio tabernan, ezagutzen den lehen trikitixa talde egonkorra sortu zen 1920an: Zumarragako Trikitixa. Lehen trikitixa diskoa grabatuko zuen taldea da. 1924an grabatu zuten disko hura, Columbia Records-entzat. Zumarragako Trikitixak bizirik eta jardunean jarraitzen du.
Horrez gain, dokumentalak geroztik akordeoiak izan duen bilakaera ere aztertzen du. Adibidez, Gorka Hermosak herriko musika eskolan hasi eta areto ospetsuenetara heldu dela. Dokumentalak Euskal Herriko 20 pertsonaia esanguratsuren lekukotasunak ere biltzen ditu.













