Aita Iparragirre herri eskolako jolastokiko lanak, amaituta
Patioa eraberritzeko lanen bigarren faseko lanak egin dituzte. HHko ikasleen espazioak elkartu eta berritu dituzte. Kirol gunea berritu eta aterpea jartzea, oraindik egiteko dauden lanen artean.
Zurezko egitura berria eta landareak, eskolako espazio berrituan. Idiazabalgo Udala Amaitu dituzte Aita Iparragirre herri eskolako jolastokia eraberritzeko bigarren faseko lanak. Ikasturtea amaituta, abuztuan ekin zien lanei Kimubat enpresak, TEO Arkitekturak idatzitako exekuzio proiektuari jarraituz. Zurezko egitura berri bat jarri dute fase honetan, orain arte bananduta zeuden HH4 eta HH5eko ikasleen erabiltzen zituzten jolastokiak elkartzeko. Bigarren fase honetako lanek 82.000 euroko aurrekontua izan dute, BEZa barne.
Iaz hasi zituzten eskolako patioa berritzeko lanak, eskolako komunitateak eta udal ordezkariek parte hartu zuten parte hartze prozesu batean identifikatutako beharrei erantzuna emateko helburuarekin. Eunate Elio, Idiazabalgo Udaleko Hezkuntza eta Berdintasun zinegotziak argitu duenez, eskolako patioa bi zatitan banatuta dago: HHko ikasleena, batetik; eta LHko ikasleak hartzen dituena bestetik. «Iaz HHko gunea konpondu zen. Lur guztia altxatu eta belardia sartu zen, espazioa naturalizatzeko. Egurrezko jolas berriak ere jarri ziren», azaldu du. Lehen faseko lan haiek 195.000 euroko aurrekontua izan zuten.
Espazioak elkartzea
Bi patioak elkartzea eta espazioen arteko jarraitasuna, irisgarritasuna eta elkarreragina nabarmen hobetzea izan dira birmoldaketa lan hauen egitekoa. 5 urteko haurren gela parean geratzen den gunea da berritu dena, eskolaren atzealdera ematen duena, eta iazkoa baino «lan txikiagoa» izan da. Zurezko egitura berriaz gain, HH5 eremuan harmailak, parterre berriak, zurezko akaberak, drainatze-sistema aurreratuak eta eremu berde berriak ere jarri dituzte; «espazioak elkartu dira, egurra sartu da eta landaredia gehiago ere jarri da».
Modu horretara, jolastoki berriak hezkuntza balio berrietan oinarritutako gunea ere eskainiko du: genero berdintasuna sustatzen duena, adin ezberdinetako ikasleei egokitutako eskaintza bermatzen duena, eta natura, aniztasuna, sormena nahiz autonomia erdigunean jartzen dituena. Zentzu horretan udal ordezkariek esan dute ekimen honen jatorria ez dela soilik azpiegitura bat berritzea, baizik eta «herriko haur, nerabe zein hezkuntza-komunitatearen parte hartze aktiboaz baliatuz, bizikidetza balioetan heziko duen ingurune bat sortzea».
Bigarren faseko lanak amaitu badituzte ere, eskolako jolastokia erabat berritzeko oraindik falta da, «obra potoloa da eta fase ezberdinetan egin beharrekoa hainbat arrazoi tarteko: ekonomikoa —diru laguntzak lortzea, udalaren ahalmena— eta lanak eskolako oporraldiak irauten duen bitartean egin behar direlako, besteak beste», azaldu du Eliok.
Egiteko gelditzen dena, «zatirik handiena» da, kirol gunearena. «Kirol gunea berritzea eta bertan aterpe bat jartzea ere eskolako eskaeren artean daude. Obra oso potoloak dira eta fase bat baino gehiagotan gauzatu beharrekoak. Diru laguntzak aurkitu, espazioak ondo pentsatu… lan asko dago egiteko oraindik», amaitu du.


















