Gazteengandik herriarentzat
Euskara eta auzolana oinarri, Porru kaleko festak ospatuko dituzte ostiral eta larunbatean Beasainen.
Gazte batzuk beste gazte batzuei paella zerbitzatzen, iazko Porru kaleko festetan.Laida Goiburu Festaz festa dabiltza beasaindarrak irailean. Usurbe mendiko festak izan ziren aurrena, Igartza-Loinatz auzokoak gero, eta joan den asteburuko etenaren ondoren, Porru kaleko festak datoz asteburu honetan.
Ostiral eta larunbatean ospatuko dituzte, herriko hainbat gaztek auzolanean antolatuta. Ostiral arratsaldean, txupinazoa botata, sagardo dastaketa egongo da, eta kontzertuak gauean: Edu Zardoya tuterarra bere gitarra eta ahotsarekin, rapetik abiatuta parrandarako giroa eta sonoritate berriak uztartzen dituen 48280 Lekeitioko kolektiboa eta DJ Tintz –Andoni Martinez zumarragarra–.
Larunbatean, berriz, eguerditik hasiko da jai giroa. Bertso bazkaria izango da Gernika pasealekuko frontoian. Azken tiketak salgai daude Xuberren eta Arranon. Bazkarian paella begetala nahi dutenek jakinarazi egin behar dute @porru.kaleko.festak Instagram bidez edo antolatzaileekin harremanetan jarrita. Jakinarazten ez bada, ez da aukerarik izango.
Bazkalondoren, karro poteoa izango da, eta gauean kontzertuak: Derrumbe eta Balantza taldeak eta DJ Fresa Morango.
Herriko gazteek herriarentzat antolatutako festak dira, euskara eta auzolana oinarri dituena. Herritarrei festara inguratzeko deia luzatu diete.
2026ko Porru kaleko festen egitaraua
Irailak 25, ostirala
18:30. Txupinazoa eta sagardo dastaketa.
20:30. Edu Zardoya.
22:00. 48280 kolektiboa.
23:30. DJ Tintz.
Irailak 26, larunbata
14:30. Bertso bazkaria June Aiestaran, Amets Zubizarreta, Itsaso Aizpeolea eta Hodei Zabaletarekin.
17:30. Karro poteoa DJ Lizarrustirekin.
20:30. Derrumbe.
22:00. Balantza.
00:00. Fresa Morango.












