Ispilla kiroldegiko argiteria berritu dute
Zumarragako Udalak Ispilla kiroldegiko kantxako argiztapena berritu du. Eraginkortasun handiko 36 LED argi instalatu ditu Ispillako kantxan. Argi berriek 50.000 orduko bizitza erabilgarria dute.
Horrez gain, Ispilla kiroldegiko instalazio berriak erregulazio sistema adimenduna du: argiaren intentsitatea une bakoitzean dagoen argi naturalera egokitzen du. Eguzki argia dagoenean intentsitatea txikitzen du eta eguzki argirik ez dagoenean, handitu. Bestalde, sistemaren funtzionamendua instalazioan egiten diren erabilera eta jarduera desberdinetara egokitu ahal da.
Sistema berriak presentzia detektagailuak eta pizteko zein itzaltzeko ordutegiak programatzeko aukera ere baditu. Horrela, instalazioa erabiltzen ez denean argiak piztuta geratzea saihesten da eta energia kontsumoa une bakoitzeko benetako beharretara egokitzen da.
Argiteria berria Urretxuko Korostel enpresak instalatu du. Inbertsioa 30.000 eurokoa izan da. Esku hartze hau Zumarragako kirol instalazioetako argiztapena berritzeko egitasmoaren barne egin da. Udalak 170.000 euro inbertitu behar ditu guztira. Helburua kirol instalazioetako argiztapen sistemak modernizatzea, energia kontsumoa murriztea eta kirol gune seguruagoak, irisgarriagoak eta egokiagoak eskaintzea da.
Pilotalekua eta igerilekua
Argiztapena berritzeko lanak iaz hasi ziren, Mitxel Badiola futbol zelaian. Proiektua Inelco 2001 enpresak gauzatu zuen eta 90.000 euro inguruko inbertsioa egin zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak 24.000 euroko diru laguntza eman zuen. Urtea amaitu aurretik Beloki pilotalekuko argiteria berrituko dute eta 2027aren hasieran Ispilla kiroldegiko igerilekukoa.












