Udal langileen geldialdia lan baldintza hobeak aldarrikatzeko
Mahai negoziatzailera aldarrikatzen dituzten edukiak eraman ezean, ELAk eta LABek deitutako urriaren 8ko egun osoko grebari eutsiko diotela esan dute.
Beasaingo Udaleko langileak, gaur, geldialdian egindako elkarretaratzean.Hitza ELA eta LAB sindikatuek deituta, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko udal langileek geldialdiak egin dituzte hainbat udalerritan, tartean Beasainen, lan baldintza hobeak aldarrikatzeko. Urriaren 8an egun osoko greba deitu dute bi sindikatu horiek udal sektorean.
Azaldu dutenez, “EAEko udaletan urte asko daramate lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe”. Batetik, Udalhitzeko mahaia duela ia bi urte aktibatu zen, baina sindikatuen esanetan “hainbat negoziazio mahai egin ondoren, oraindik oinarrizko aldarrikapenak mahai gainean falta” dira. Eudel eta erakundea osatzen duten alderdiek “borondate falta itzela erakusten” ari direla eta “negoziazioa blokeatzear” dagoela salatu dute. Bestetik, udalez udal dauden negoziazio esparruak ere geldi daudela diote. “Ondorioz, udaletako langileon lan baldintzak okertzen doaz urtez urte eta sektoreak hamarkada bat baino gehiago darama lan baldintzen okerkuntza bat pairatzen”.
Udalhitzeko mahaian, edukiak faltan
Horri aurre egiteko, ELAk eta LABek dinamika mobilizatzaile komun bat jarri zuten abian apirilean. Udalhitzeko mahaian, esan dutenez, aldarrikapen asko falta dira: “Eros ahalmenaren berreskurapena nola emango den, euskaraz lan eta bizitzeko neurriak, gazteberritzeko neurria edota subrogazio eskubidea”.
Mobilizazio egutegi horren barruan kokatzen da gaur hainbat udal langilek egindako geldialdia ere. Beasainen Loinazko San Martin plazan elkartu dira, udaletxearen aurrean. “Pilota Eudel eta alderdi politikoen teilatuan dago. Bada garaia negoziaziorako borondatea erakusteko eta udal langileen lan baldintzak haien politiken erdigunean jartzeko, bihar dagoen mahai negoziatzailean horretarako aukera daukate”.
Mahai negoziatzailera aldarrikatzen dituzten edukiak eraman ezean, urriaren 8ko egun osoko grebari eutsiko diote.












