Ehunaren berrerabilpena sustatzeko azoka Itsasondora iritsi da
Biziolaren, BATUZen eta herriaren arteko elkarlanaren emaitza da. Bigarren eskuko azokaz gain, konponketa eta joskintza tailerrak eskainiko dira.
Azoka ibiltaria, iaz, Zerainen. I.B. Joan den astean Zeraingo hitzordua egin ostean, Biziolak eta BATUZ Gizarte Fundazioak Itsasondora eramango dute gaur arratsaldean azoka ibiltaria, ehunaren berrerabilpena eta kontsumo arduratsua sustatzen jarraitzeko asmoz. Itsasondoko plaza izango dute topaleku, 17:30etik 20:30era bitartean, eta bertaratzeko gonbidapena egin diete goierritarrei. Udazkenean ere azoka gehiago egingo dituztela aurreratu dute, bai Itsason, Ataunen eta Olaberrian ere.
Bigarren eskuko arroparen salmenta eta bilketa gunea ez ezik, doako konponketa tailerra ere eskainiko da. Hala, erabiltzen ez duten arropa eramateko aukera izango dute herritarrek, bai eta joskintza tailerraren bidez, konpondu edo moldatu beharreko jantziak eramateko aukera ere. Oinarrizko konponketak egiten ikasiko dute, arroparen bizitza erabilgarria luzatzeko.
2025ean martxan jarria
Egitasmoak 2025ean du abiapuntua. Urte hartan, Biziolak eta BATUZ Gizarte Fundazioak elkarlanean ehun hondakinak bildu, eta berrerabiltzeko gunea egokitu zuten Biziolan. Lau hilabetean, 270 kilo arropa eta osagarri sartu ziren berrerabilpen zirkuituan. Esperientzia hark, herritarrek gaiaren inguruan zuten interesa erakusteaz gain, zerbitzua gune bakarrean zentralizatzeak zekartzan mugak agerian utzi zituen.
Horri erantzuteko, zerbitzua Goierriko gainerako herrietara zabaltzeko erabakia hartu zuten, bereziki herri txiki eta ertainetara hedatzekoa. Intza Barandiaran antolatzailearen esanetan, bigarren eskuko arroparen eskaintza «gune urbanoetan» kontzentratzen da batez ere, eta azokak herriz herri eramateak «berrerabilpenerako aukerak deszentralizatzen» zituenez, aukera egoki gisa baliatu zuten.
Azokaren helburua, ordea, ez da soilik arropa bildu eta berrerabiltzea. Ingurumenaren ikuspegitik, ehun hondakinen sorrera murriztu eta jantzien bizitza luzatu nahi dute; lurraldeari dagokionez, berrerabilpenerako aukerak deszentralizatu; eta gizartearen alorrean, tokiko komunitatea eta eragileen arteko sareak indartu.
Elkarlanean ondua
Zentzu horretan, tailerren diseinua, dinamizazioa, herritarren aktibaziorako jarduerak eta azoketako sentsibilizazio ekintzen koordinazioa Biziola kooperatibak eta BATUZ Gizarte Fundazioaren artean burutuko dituzte.
Hala ere, Barandiaranek dio «bertako eragileekin lankidetza» ere bilatuko dutela tailerrak dinamizatzerako garaian: «Ideia da herri bakoitzeko sare eta ezagutzak baliatzea, proiektua tokian tokiko eragileekin elkarlanean eraikitzeko». Horren guztiaren emaitza izango da gaurkoa.











