Amaia Susperregi ordiziarrak jasoko du Joxe Mari Korta Saria
Enpresa alorrean egin duen ibilbidea aitortuko dio Eusko Jaurlaritzak urriaren 22an. Jaso Group-eko presidentea da eta hiru hamarkada baino gehiago daramatza talde industrialari lotuta.
Amaia Susperregi ordiziarrak jasoko du Eusko Jaurlaritzak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak urtero ematen duten Joxe Mari Korta Saria, enpresagintzan egindako ibilbidea eta euskal industria-sarearen garapenari egindako ekarpena aitortzeko. Hiru hamarkada baino gehiago daramatza talde industrialari lotuta, eta datorren urriaren 22an jasoko du saria, Gasteizko Ajuria Enean, Imanol Pradales lehendakaria buru izango den ekitaldian.
Korta sariak 2009. urtetik ematen ditu jaurlaritzak, 2000.ean ETAk eraildako Joxe Mari Korta enpresaburua eta orduko Adegiko presidentea gogoratzeko, eta enpresaren alorrean ibilbide zabala eta enpresa hobekuntzaren alde lan egiten dutenei eskertza adierazteko.
Susperregi 1991. urtean sartu zen Jaso Group enpresan, eta ordutik taldeari lotuta garatu du bere ibilbide profesional osoa. Eraikuntzarako dorre-garabien, igogailuen eta hainbat sektoretarako bestelako ekipamenduen diseinuan eta fabrikazioan aritzen da enpresa. Antolakuntzaren barruan hainbat ardura izan ditu, besteen artean, finantza-zuzendaritza eta hainbat bisioren zuzendaritza nagusia.
2023az geroztik, JASO taldeko sozietate nagusietako administrazio-kontseiluetako presidentea da, eta taldeko gainerako enpresetan kontseilari-bokala da. Epaimahaiak bereziki nabarmendu ditu enpresa-errotzearekin eta industria-bikaintasunarekin duen konpromisoa, enpresa-sarearekiko gertutasuna eta Euskadiren garapen ekonomikoari egindako ekarpena.
Jaurlaritzaren arabera ere, bere ibilbide osoan zehar, zorroztasunean, irmotasunean, industria bikaintasunean eta zerbitzurako bokazioan oinarritutako jarduera profesionala ulertzeko modua erakutsi du goierritarrak.













