Nahi gabeko bakardadea sufritzen dutenei telefonoz deituko diete
Zilarrezko Hariaren esprint solidarioa bihar egingo dute eta bi herrietako eragileek parte hartuko dute.
Zumarragako eta Urretxuko udalek eta Nagusilanek Zilarrezko Haria deien esprint solidarioa antolatu dute biharko (asteazkena). 09:30etik 13:30era egingo dute, Zelai Arizti kultur etxean. Bi herrietako eragileek nahi gabeko bakardadea pairatzen duten bizilagunei deituko diete.
Jardunaldiak Zumarragako eta Urretxuko gizarte, kultura eta kirol arloetako hainbat eragile bilduko ditu. Goizean zehar, Zilarrezko Haria zerbitzuaren funtzionamendua ezagutuko dute, deiak egingo dituzte eta telefono bidezko boluntariotzaren esperientzia bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.
Helburua zerbitzua ezagutaraztea, herritarrak nahi gabeko bakardadearen inguruan sentsibilizatzea eta egoera horren prebentzioan komunitateko hainbat sektore inplikatzea da.
Egitasmoa ostiral goizean aurkeztu zuten, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Aurkezpenean Arantxa Gonzalez Zumarragako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak; Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Daniel de Juan eta Lourdes Rodriguez Nagusilaneko boluntarioek parte hartu zuten.
Gonzalezek ekimena Zumarragako Udalak adineko pertsonen parte hartzea sustatzeko, giza harremanak indartzeko eta zaintzan zein laguntzan inplikatutako komunitate bat eraikitzeko duen konpromisoaren barruan kokatu zuen.
Zumarragan Adinekoen Astearen bosgarren edizioa ospatzen ari direla gogoratu zuen. Udalak eta Adinekoen Kontseiluak antolatu dute eta helburua parte hartzeko eta elkartzeko guneak sortzea, gizarte harremanak eta zahartze aktiboa sustatzea eta adineko pertsonek komunitatean duten zeregina aitortzea da.
Testuinguru horretan, esprint solidarioak askotan ikusten ez den errealitate bat, nahi gabeko bakardadea, mahai gainean jartzeko aukera ematen du. «Gainera, komunitate osoaren inplikazioarekin egiten du», esan zuen.
Udalak Nagusilanekin duen lankidetza ere azpimarratu zuen. «Bakardade egoerei ematen zaien erantzuna ezin da zerbitzu publikoen esku soilik utzi. Gizarte arloko erakundeen, elkarteen, boluntarioen eta herritarren lankidetza funtsezkoa da egoerak hautemateko, sareak sortzeko eta behar duten pertsonei laguntzeko. Adineko pertsonen ongizateari hobetzeko ez dira ekintza handiak behar. Eguneroko keinuetatik ere has daitekee: arreta jarri, nola dagoen galdetu edo denbora pixka bat eskaini».
Urretxuko alkatea
Luquik Urretxun Tokiko Zaintza Ekosistemaren bidez egiten ari diren lana aurkeztu zuen. Estrategia horrek osasun zerbitzuak, udaleko eta aldundiko gizarte zerbitzuak eta komunitateko baliabideak lotzen ditu, arreta pertsonalizatua eta integrala eskaintzeko.
Eredu horren helburua pertsona erdigunean jartzea, profesionalen eta erakundeen arteko koordinazioa hobetzea eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen beharrei modu bateratuan erantzutea da.
Tokiko Zaintza Ekosistemak bakardadea eta zahartzea bere ebaluazio eremuen artean jasotzen ditu eta Nagusilanek laguntza sareak indartzen eta zerbitzu publikoen jarduna osatzen laguntzen du, laguntzaren, entzutearen eta harreman pertsonalaren bidez.
Nagusilan
De Juanek esprint solidarioak Zilarrezko Haria oraindik ezagutzen ez duten pertsona eta erakundeengana hurbiltzeko aukera emango duela esan zuen.
Parte hartzaileek beharrezko jarraibideak jasoko dituzte eta Nagusilaneko boluntarioen laguntza izango dute deiak egiten dituzten bitartean.
Zilarrezko Haria nahi gabeko bakardade egoeran dauden adineko pertsonei zuzendutako telefono bidezko laguntza zerbitzua da. Deien bidez, boluntarioek elkarrizketa, entzutea eta konpainia eskaintzen dituzte, modu hurbil eta jarraituan eta doan.
De Juanek biharko jardunaldiak boluntario berriak erakartzeko abiapuntu ere izan nahi duela gehitu zuen, lankidetza sareak sortzeko eta zerbitzua behar izan dezaketen pertsona guztiek ezagutu dezaten.
Rodriguezek boluntario gisa duen esperientzia partekatu zuen, eta azaldu du dei batek zer-nolako garrantzia izan dezakeen bakarrik sentitzen den pertsona baten egunerokoan.
Elkarrizketek eguneroko gaiez hitz egiteko, kezkak partekatzeko eta konfiantzazko harremana sortzeko aukera ematen dute. Boluntarioen egitekoa ez da pertsonaren arazoak konpontzea, baizik eta hari entzutea, bere erritmoa errespetatzea eta konpainiarako espazio bat eskaintzea.
Rodriguezek deiak boluntarioentzat ere oso aberasgarriak direla esan zuen. «Izan ere, deiak egiten dituztenek istorio eta esperientzia berriak ezagutzen dituzte, entzuten ikasten dute eta beste pertsona baten eguna hobetu dezakeela ikusten dute».
Nagusilanek herritarrak zerbitzua ezagutzera eta boluntariotzan parte hartzera animatzen ditu.
Egin beharrekoa
Bakarrik sentitzen diren adineko pertsonek doan jar daitezke harremanetan Zilarrezko Haria zerbitzuarekin 900 713 771 telefono zenbakira deituta. Deia jasotzea nahiago badute, beraien izena eta telefono zenbakia utz ditzakete, taldea haiekin harremanetan jartzeko.













