Zaldibiako, Legorretako eta Itsasondoko hainbat ikasle bizikletaz joan dira Oianguren institutura
Gaurko protestarekin Hezkuntza Sailak eskola garraioa kentzeko hartu duen erabakia gaitzetsi nahi izan dute. Izan ere, Zaldibiaren kasuan ez dagoelako ezta bidegorririk ere.
Zaldibia, Itsasondo eta Legorretako hainbat ikasle bizikletaz joan dira.Hitza Zaldibiako eskola garraioa dela eta Oianguren BHIra bizikletaz joan dira hainbat ikasle. Legorretakoak eta Itsasondokoak ere bazeuden horien artean. Ekimen honekin hainbat arlo ikutu nahi izan dituzte, alde batetik, Zaldibiaren kasuan “ez dagoela bidegorririk”, eta ez dela bizikletaz egiteko bide segurua. Gaineratu dutenez, “ez da bidea ez dela segurua, baizik eta ez dagoela oinezko biderik. Nola eta bidea ez den mendiz egiten”.
Horri lotu nahi izan diote, Hezkuntza Sailak eskola garraioa kentzeko erabilitako argudio nagusia, “4km baino gutxiago egotea ikastetxera” da. Baina, dekretuan bertan dioenez, baldintza horretatik salbuetsita geratuko liratekeela ondorengo kasuetan azaldu du Zaldibiako Guraso Batzarrak: “Tresna informatikoaren bidez kalkulatutako oinezko ibilbidea egingarria ez bada bide-segurtasuneko gutxieneko baldintzak betetzen ez dituelako, zenbaketatik kanpo utziko da, eta, haren ordez proposatutako ibilbideen artean, benetan oinez baldintza egokietan egingarria den kilometro gutxienekoa hartuko da kontuan”. Salbuespen hori aintzat hartzeko, “ezinbestekoa” da ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxeak ziurtatzea bidea ezin dela baldintza egokietan oinez egin.
Ez dira “isilik” geratuko
Beraz, Gurasoek aurreratu dute, “bide juridikoak martxan jarriak ditugula, eta Arartekora jotzeaz gain, Eusko Legebiltzarrera ere eramango dugula gaia”. Orain, Zaldibiako ikasleei gertatu zaiela diote, baina 2015ean salbuetsita zeuden hainbat herri eta auzori ere bai. Pixkanaka zerbitzua kendu die Hezkuntza Sailak, urtetik urtera, “hots asko atera gabe”. Horren aurrean berresten dute ez dutela “isilik” pasatuko arazoa: “Herritarren eta ikasleen eskubideez ari garelako, kasu honetan derrigorrezko hezkuntzaz”.













