Zumalakarregi eta Igartubeiti, museotik adinekoen egoitzetara
Bi museoak Gertu Kulturaren baitako Zubiak programaren kide dira 2025etik. Ondarea, dantza eta musika adinekoen egoitzetara gerturatzea du helburu.
Igartubeiti baserria, Ezkion.Tere Madinabeitia Gertu Kultura gizarte bazterketa jasateko arriskuan edo kalteberatasun egoeran dauden pertsonei kulturarako sarbidea errazten eta bermatzen dien proiektu soziokulturala da. Gertu Kulturak —Apropa Cultura jatorrizko deituran— Katalunian du bere jatorria eta 2024an, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan egin zuen proiektua Goierriko kultur eragile ezberdinei azaltzeko aurkezpena.
Orain, Gertu Kulturaren aterkipean sortu den Zubiak programak jarraipena izango du aurten ere Goierrin, Ormaiztegiko Zumalakarregi eta Ezkioko Igartubeiti museoekin lankidetzan. Gipuzkoa mailan, Getariako Cristobal Balenciaga eta Donostiako D´Museoa, Euskal Itsas museoa eta Museum Cemento Rezolak ere hartuko dute parte egitasmoan.
Museoak egoitzetara
Zubiak. Museoa egoitzetara gerturatzen da ekimena 2025ean jarri zuten martxan, ondarea, dantza eta musika bezalako diziplinak Gipuzkoako adinekoen egoitzetara gerturatzeko helburuarekin. Hasieratik hartu dute parte ekimenean Zumalakarregi eta Igartubeiti museoek. Sortu denetik, 1.100 pertsonek hartu dute parte Zubiak programan, 52 esperientzia ezberdinen bitartez. Aurrez aipatutako sei museoen parte hartzearekin, Goierrikoak barne, 21 jarduera egin zituzten egoitzetan iaz, eta 500 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten bertan.
Kultur guneetako ateak irekitzea nahikoa ez denean, aurten ere tokian tokiko kultura bitartekariek saio parte hartzaileak garatuko dituzte Gipuzkoako adinekoen zentroetan, talde txikietan banatuta eta 45 minutu inguruko iraupenarekin. Esperientzia hauen abiapuntua museoetako bildumak eta edukiak dira.
Kultur arloko profesional hauek formakuntza jaso dute aurretik, narriadura kognitiboa edo Alzheimerra dute adineko pertsonen beharrak ezagutzeko eta garatzen dituzten saioak haien beharretara egokitzeko. Esperientzia hauek «egoiliarren gaitasun kognitiboak aktibatzeko, parte hartzaileen arteko harremanak sustatzeko eta alderdi emozionala hobetzeko» baliagarriak dira, antolatzaileek ondorioztatu dutenez.
Lan ildo berriak
Udazkenetik aurrera Zubiak. Museoa egoitzetara gerturatzen da ekimenari lan ildo berriak gehituko zaizkio: Zubiak. Egoitzak dantzan eta Zubiak. Konpasaren erritmora, musika egoitzetan. Programa hauei esker, askotariko kultur ekimenak egoitza eta eguneko zentroetara gerturatzen jarraituko dute, «egoiliarren arteko topaketak sustatzeko testuinguruak sortuz, hautatu gabeko bakardade egoerei aurre egiten laguntzen dieten jarduera parte hartzaileak garatuz eta pertsona guztien kultur eskubideak bermatuz».
Udako etenaldiaren ostean, udazkenean jarriko dituzte berriz martxan saio berriak. Ugaritu egin dute eskaintza iazkoarekin alderatuta; orain arte, mugimenduko arteak eta musikarekin esperientzia pilotu berriak gehituta, 31 jarduera garatu dituzte 2026an, eta ia 600 pertsonek hartu dute parte.
Gertu Kultura Gipuzkoako Apropa Cultura sarearen parte da eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Fundacion La Caixaren eta Eusko Jaurlaritzaren Ongizatea, Gazteria eta Erronka Demografikoaren babesa dauka. Gainera, Irizar enpresa ere proiektuaren laguntzaile da, besteren artean.














