EH Bilduk 2027ko Ordenantza Fiskalen proposamenaren aurka bozkatzearen arrazoiak azaldu ditu
Kiroldegiko prezio publikoetan hobariak ezartzea eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko zergapetze neurriak onartu ez direla salatu du. 2025eko maiatzean koalizioak bultzatuta, Astigarreta auzoan Pepe Mugica plazaren izendapena onartu da.
Hasier Agirre Beasaingo EH Bilduren ordezkaria, artxiboko irudian.Ariane Vierbücher Beasaingo EH Bilduk 2027ko Ordenantza Fiskalen proposamenaren aurkako bozka eman du urriaren 1ean udalbatzak egindako Osoko Bilkuran, eta horren arrazoiak azaldu ditu ohar baten bidez. Koalizioak agertu du EH Bildurentzat garrantzitsuenetakoak diren bi puntu ez direla onartu.
Batetik, “indarra hobarietan” jarri duela azaldu du. “Hau baita herritarren arteko ezberdintasunak murrizteko eta progresibitatea bultzatzeko bitartekorik eraginkorrena. Diru sarreren araberako hobari sistema bat ezarri behar da ahalik eta tasa gehienetan”. Musika eskolan aplikatu den hobari eredua beste hainbat tasatara zabaltzea “ezinbestekotzat” jo du, eta horren adierazgarri, 2927an Kiroldegiko prezio publikoetan hobariak ezartzea eskatu du, udako denboraldikoa urte osora zabaltzea.
Bestetik, etxebizitza hutsei IBIan errekargua ezartzea proposatu du. “Jendartean dugun arazo nagusienetako bat izaki, baita Beasainen ere, ezin gara besoak gurutzatuta gelditu. Araudi ezberdinek eskaintzen dituzten baliabideak erabiltzea ezinbestekoa da alokairuko etxebizitza parkea handitzeko. Bide honetan, Beasainen jada egina dago etxebizitzen azterketa, hutsik dauden etxebizitzak identifikatuta daude”. Bide horretatik, zerga horren ezarpen graduala proposatu du, 3 urtetan araudiak baimentzen duen %150eko gehieneko errekargura iritsiz: 2027an %75, 2028an %100 eta 2029an %150eko errekargua.
Horiez gain, hilerriko plaken tarifa bat zehaztea eskatu du, “duela gutxi jasotako egoera ez errepikatzeko eta herritarrek gardentasun osoa izan dezaten”.
Hiru eskaera horietatik, hilerriko tarifak ezartzea bakarrik onartu dela salatu du EH Bilduk. “EH Bildurentzat garrantzitsuenetakoak diren bi puntuak ez dira onartu, kiroldegia beasaindar poltsiko guztientzako eskuragarria izatea alde batetik, eta etxebizitza hutsak merkaturatzeko zergapetze neurriei bestetik”. Hori dela-eta, udal gobernuaren proposamenaren aurka azaldu da.
Astigarretako plaza bat
2025eko maiatzeko Osoko Bilkuran EH Bilduk proposatutako egitasmo baten garapena onartu da. Beasaingo plaza bati Pepe Mugica izena jartzea erabaki zen orduan, eta urriko Osoko Bilkuran izendapen hori Astigarreta auzoan egitea onartu da. “Beasainekin eta bereziki Astigarretarekin zuen lotura denok ezagutzen dugu, egin zuen bisita lekuko. Bere balore eta erreferentzialtasunean sakontzeko balio beza izendapen honek”.













