Etxebizitza duinaren aldeko elkarretaratzea egin dute Lazkaon
Ernai gazte antolakundeak elkarretaratzeak egin zituen 30 herritan. Lazkaon Goierriko elkarretaratzea egin zuten.
Etxebizitza duinaren aldeko elkarretaratzea Lazkaon, atzo.Manex Usarralde Etxebizitza duinaren alde eta etxebizitzaren negozioaren aurka elkarretaratzeak egin zituen Ernai gazte antolakundeak Euskal Herriko 30 herritan, atzo. Lazkaokoa horietako bat izan zen, eta Goierriko herri ezberdinetako jendea bildu zen. Etxebizitzarena herri sektoreen arazo nagusienetarikoa dela salatu zuten, eta gazteen prekarietatea eta ezberdintasun sozialak iraunarazteko elementu “determinanteetako” bat ere bai.
Elkarretaratzean azaldu zituzten datuen arabera, Euskal Herrian 30 urtekoa da emantzipatzeko bataz besteko adina, Europan berriz 26,2koa. Gainera, 2015etik emantzipatutako gazteen kopurua %36,8tik %32ra jaitsi dela nabarmendu zuten. Horretaz gain, alokairuen bataz besteko prezioa 800 eurokoa dela, EAEn 40.000 gaztek Etxebiden laguntza eskaera egina dutela, eta Hego Euskal Herrian %32ari alokairua ordaintzen senideek laguntzen dietela azpimarratu zuten.
Ernaik etxebizitzak negozioarako bitarteko izateari utzi behar diotela babesten du. Horretarako, etxebizitzak merkatutik ateratzea eta eskubide bezala bermatzea aldarrikatzen dute. Hori egiteko ordea beste funtsezko gauza bat behar dela diote: “Burujabetza handiagoa behar dugu, edozein politikaren norabidea eta mugak Madrilen eta Parisen ezartzen direlako”.













