Euskaraz hobetzeko saioak eskainiko dituzte Ataunen
‘Euskaraz Ganoraz’ ikastaroa eskainiko du Xabier Euzkitze kazetariak Ataungo Oargin, 18:30etik 20:00etara. Hiru saio egingo dituzte gaurtik hasita asteartero, jarraian. Edozein herritarri zuzendua dago.
Xabier Euzkitze.Aimar Maiz Xabier Euzkitzek Euskaraz Ganoraz ikastaroa emango du Ataungo Oargin, gaur, 18:30etik 20:00etara. Hiru saio izango dira: urriaren 6an, 13an eta 20an.
Euskaraz Ganoraz Zarautzen, Azpeitin eta Tolosan egona da iada, eta Euzkitzek dioenez, «jendeak modu harrigarrian erantzun du». Jabetzen da halere aurreko herriak «handiak» direla, eta horrek ere egiten duela jende gehiago inguratzea: «Saioko 45-50 laguneko erantzuna izaten ari gara».
Saioetan izateko baldintza bakarra euskararen inguruan interesa izatea da, gehitu du. Hori bada, ikasle, haur edo heldu ez dute bereiziketarik egiten.
Aspaldiko urteetan zebilkien buruan Euzkitzek horrelako zerbait antolatzea. Zarautzen bizi denez eta bertako euskara teknikaria ezaguna duenez, hari azaldu zion ideia lehenik: «Diapositiben, kantuen eta jolasen bidez, gramatikaren nahasteetan sartu gabe, euskararen erabilera hobetzen laguntzea da asmoa».
Egitasmoaren gidari moduan erabilera egokiak ongi esan eta traketsak zuzendu eta adiera egokia zein den irakasten du: «Nik esaten ditudan gauza guztiekin ere ez dira denak ados egoten saioetan». Azken finean, bera inongo «autoridaderik» ez dela dio, Euzkitze «jakin min handiko» pertsona bat eta «euskaltzale amorratu» bat bezala deskribatzen du bere burua.
Erabilera egoki edo traketsa
Akatsen inguruan ere mintzatu da ikastaroko gidaria, eta komunikabideetan jarri du arreta. Hedabideetan «darrai» asko erabiltzen dela aditz forma moduan azaldu du eta gehitu du: «Darrai aditz forma ez da existitzen».
Lehenbiziko ikastaroa Zarautzen izan zen, bigarrena Azpeitin eta hirugarrena Tolosan. Orain udazkenean beste hiru herritan ikastaroa ematea dauka aurreikusita. Ataungoaz aparte, Beasainen eta Zestoan.
«Euskara erabiltzen dugun modua aztertzeko saioak dira», dio saioaren gidariak. Ondo dagoena esaten die, eta erdipurdi edo gaizki dagoena zuzendu: «Euskaraz hitz egitea garrantzitsua da, baina zuzen hitz egiten ere saiatu behar gara». Horretan ikusi zuen premia Euzkitzek, euskara zuzen erabiltzekoa.
Hitanoari dagokionez ere Goierri aldean hiperhitanoak «sekulako indarra» hartu duela adierazi du: «Konturatu gabe egiten ditugun akatsetan jarriko dugu arreta».
Euskara batuaren balioa
Bestalde, euskara batuaren alde dagoela nabarmendu Euzkitzek. «Ez dago gauza tristeagorik, euskaraz dakiten bi pertsonak elkar ulertzeko erdara erabili behar izatea».
Era horretan, «euskaran ardaztutako herri proiektu bat ezin liteke ulertu euskara baturik gabe». Euzkitzek Azkoitiko euskara daki gehien.
Dena den, aldi berean erabat «zentzugabea» iruditzen zaio bi ataundar elkarren artean euskara batuan hitz egiten entzutea: «Ikusi behar dugu euskara zertarako den, euskalki bakoitza zein eremutakoa den eta zein kasutan egin behar diogun norberarenari uko neurri batean ulermenaren mesedetan».













