Eusko Jaurlaritzak ez du baimenduko hidrogeno naturala eta helioa bilatzea
Mikel Jauregi Industria Sailburuak dio ez dutela Aralar Natura Parke babestuari kalte egingo dion jarduerarik baimenduko.
Mantle8 enpresako teknikari bat azterketak egiten, Lokiz mendia atzean duela. MANTLE8 Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak jakinarazi du ez duela baimenduko Aralar parke natural babestuari kalte egin diezaiokeen jarduerarik. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak Aralarren hidrogeno zuria bilatzeko Espainiako eta Nafarroako gobernuek egindako bi eskaerei dagokienez azaldu du: «Eusko Jaurlaritzak aldeko txostena egin zuen, haren eskaerak ez baitzuen aurreikusten erauzketa jarduerarik, ezta lursailetan eta lurpean funtsezko aldaketarik egitea ere». Hala ere, Jauregik ohartarazi duenez, «Aralar ez da ukitzen», han edozer aurkitzen dutela ere.
Industria Sailak ohar horretan azaldu duenez, «autonomia energetikoaren eta deskarbonizazioaren aldeko apustuari jarraituz, Eusko Jaurlaritzak berezko energia iturri berriak eta emisiorik gabekoak aztertzeari ekin dio». Energia iturri horietako bat hidrogeno zuria edo natiboa izan daiteke.
Gaur egun hidrogeno zuria bilatzeko «bost baimen eskaera daude Euskadin, eta Eusko Jaurlaritzako Meategien Zuzendaritzan tramitatzen ari dira». Hatxebi sozietateak aurkeztu ditu, eta 2024an hasi ziren tramitatzen. Energiaren Euskal Erakundea sozietate horrekin elkarlanean ari da, «baina ez du inolako akzio, sozietate edota ekonomia partaidetzarik».
Miaketa fisikoa Nafarroan bakarrik
Aralarren hidrogeno zuria bilatzeko beste bi eskaerei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak aldeko txostena eman zien Espainiako eta Nafarroako gobernuei, 2026ko urtarrilaren 26an. Baina, Jauregik nabarmendu duenez, txostenak ez du baimenik ematen eremu naturala zulatzeko, ustiatzeko edota eraldatzeko. «Lurraren konfigurazioa nabarmen aldatzen ez duten eta erauzketa jarduerarik behar ez duten azterketak egiteko aukera baino ez du ematen».
Horrekin batera, Jaurlaritzak gogorarazi du miaketa fisikoa Nafarroan bakarrik egingo dutela. Espainiako Gobernuak Mantle8 enpresari baimena eman dio Euskal Herriko zenbait eremutan hidrogenoa eta helioa bilatzeko. Hala, Aralarren ez ezik, Lokizen, Andian eta beste inguru batzuetan ere bilatuko dute hidrogenoa.













