Aitzol Gorospe, Gipuzkoako ehiza xeheko txapeldun gaztea
Arabako Zanbranan jokatu zen txapelketa atzo. Legazpiko gazteak bi faisai eta sei galeper ehizatu zituen, Lagun txakurrarekin. Iñigo aitarengandik eta Ramon aitonarengandik jaso du afizioa.
Aitzol Gorospe Karrerak (Legazpi-Brinkola, 2008) Gipuzkoako ehiza xeheko txapelketa irabazi zuen atzo, Zanbranan (Araba). Gorospek gazteen mailako txapela irabazi du.
Txapelketa Zanbranako Txoriarte ehiza barrutian jokatu zen igande goizean. Txakurrarekin egiteko ehiza modalitatea zen, eta brinkolarrak Lagun eraman zuen, txikitatik etxean, Zubiaurre baserrian hazitakoa eta trebatutakoa. Bien artean bi faisai eta sei galeper ehizatu zituzten.
Garaipen honekin, Gorospek Euskadiko txapelketan parte hartzeko txartela eskuratu du. Euskadikoa larunbat honetan, urriak 10 jokatu da, Zanbranan hori ere.
Aitak eta aitonak transmititutako afizioa
Aitzol Gorospek Iñigo aitarengandik eta Ramon aitonarengandik jaso du ehizarako zaletasuna. Iñigo Gorospe aita ere ibilia da txapelketatan gazte garaian, eta 19 urte zituenean, 1996. urtean, Gipuzkoako txapela irabazi zuen, oilagorretan.
Aitzol “oso pozik” dago, eta Gipuzkoako txapela zaletasun horrekin jarraitzeko pizgarria dela esan du.

Aitzol Gorospe, Iñigo aitarekin eta Lagun txakurrarekin

Iñigo Gorospe, Gipuzkoako oilagor txapelketa irabazi zuenean














