Laugarren urtez jarriko dute martxan 'Azoka eta elikadura osasuntsua' programa
Ikasleek sortutako marrazkiekin egindako poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte ekoizleek urriaren 13tik aurrera azokako postuetan. Tailerrak eta lau ekoizpen gunetara bisitak egingo dituzte ikasleek.
Udal ordezkari, teknikari, profesional eta ekoizleak ekimena aurkezten, banatuko dituzten poltsak eskuetan, azokan.Laida Goiburu Laugarren urtez jarraian jarriko dute martxan Beasainen Azoka eta elikadura osasuntsua programa, belaunaldi gazteei ohitura osasungarrien, tokiko ekonomiaren zein jasangarritasunaren garrantzia erakusteko. Udalaren, herriko ikastetxeen, Osakidetzako profesionalen, ekoizle eta baserritarren eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen arteko lankidetza programa da.
Gaur aurkeztu dute inplikatutako eragileek ekimena. Han izan dira Leire Artola alkatea, Rosa Aurkia ingurumen teknikaria, Elena Calvillo eta Maite Arrospide Osakidetzako erizainak, Zegamako Altzibar baserriko Josetxo Mendia ekoizlea eta ikastetxeetako ordezkariak.
Eskolako agenda 2030ko garapen jasangarriko helburuak erabiltzen dituzte ikasleek abiapuntu bezala. Ikasturte honetan garapen jasangarriko 6. helburua lantzen hasiko dira, urari dagokiona. Abendura bitartean, Osakidetzako eta Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteko profesionalekin tailerrak egingo dituzte Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek, urte hasieratik martxora bitartean bisitak egingo dituzte ekoizleekin, eta apiriletik maiatzera bitartean tailerrak. Tailer zein bisitetan, Amaia Aierbe nutrizionistaren laguntza izango dute.
Aurten bada berritasun bat: ikasleen sormena eta lana kalean ikusarazteko, ikasleek sortutako marrazkiekin egindako poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte ekoizleek urriaren 13tik aurrera azokako postuetan.
Maila gehiagotara zabalduko dute
LH 6. mailako ikasleei zuzendutako programa izaten da, baina, Rosa Aurkia ingurumen teknikariak azaldu duenez, maila gehiagotara zabaltzen hasi dira; maiatza eta ekainean LH 5. mailako ikasleei ere tailerrak eskainiko dizkiete, “hurrengo ikasturteari begirako sarrera bat izango litzatekeena”. Horrez gain, LH 4. mailako ikasleek deskontu bonuak landuko dituzte. “Proiektua 6. mailatik abiatu genuen, baina pixkanaka ari gara zabaltzen maila gehiagotara, gure ikasleei elikadurak, jasangarritasunak eta azken finean ingurumenak zer garrantzia daukan azaltzeko”.
“Guretzat ere oso aberasgarria da sortzen den hartu-emanagatik, eta horrela jarraitzea espero dugu”
Elena Calvillo. Osakidetzako erizaina
Elena Calvillo Osakidetzako erizainak eman ditu tailerren inguruko xehetasunak. “Gure helburua da elikadura osasuntsua sustatzea haurrengan, eta elkarlanean aritzea udaletxe, ikastetxe eta ekoizleekin”. Ikastetxeekin adostu ondoren, tailerra bi zatitan banatzen dute: parte teorikoan plater osasuntsuaren metodoa erabiliz elikagai osasuntsuak lantzen dituzte, Laura Mongelos Minbiziaren Aurka Gipuzkoan psikologoarekin alderdi emozionala lantzen dute, etiketak irakurtzen ikasten dute eta gorputz aniztasunaren inguruan hausnartzen dute; arlo praktikoan, gosaltzera joaten dira udalak eskainitako bertako produktuekin. Erizainaren esanetan, “oso harrera ona” izan dute orain arte: “Guretzat ere oso aberasgarria da sortzen den hartu-emanagatik, eta horrela jarraitzea espero dugu”.
Lau bisita, lau mundu
Bisiten nondik-norakoak Josetxo Mendia ekoizleak azaldu ditu. Bisiten helburua da “gaztetxoei lehen sektorea zer den ezagutaraztea”. Horretarako, plazan egoten diren hainbat ekoizlek haien etxeetako ateak irekitzen dizkiete ikasleei: “Erakusten diegu nola lan egiten dugun, haiek ere lanean jarri ahal den moduan eta jolasen bitartez jakin dezaten zer den hori”.
“Erakusten diegu nola lan egiten dugun, haiek ere lanean jarri ahal den moduan eta jolasen bitartez jakin dezaten zer den hori”
Josetxo Mendia. Altzibar baserriko ekoizlea
Lau bisita egingo dituzte: Altzagako Artzabaltza baserrian, Ander del Rio okinarekin ogi ekologikoa egiteko prozesua ezagutuko dute; Gabiriako Oñatibitxiki baserrian, Jose Antonio Elosegirekin sagar mundua ezagutuko dute; Jon Etxeberria eztizalearekin Zaldibiako Goizane eraikinean dagoen Gipuzkoako Erlezain Elkartearen jarduna ezagutuko dute; eta Zegamako Altzibar baserrian baratzeko lana ezagutuko dute. “Letxuga batzuk sartuz, tipula jarriz-edo, erakutsi zer den lurra, landarea, eta horrek zer osasun ekartzen dion bai lurrari, bai pertsonari”, zehaztu du Mendiak berak.
“Ohitura osasungarriak txikitatik barren-barrenean txertatzen badira, etorkizuneko gizarte osasuntsuago eta kontzienteago bat izateko aukera izango dugu”
Leire Artola. Beasaingo alkatea
Leire Artola alkatearen hitzetan, “duela 3 urte ereindako haziak fruitu sendoak ematen jarraitzen duenaren seinale” da laugarren edizioa. “Bizi filosofia bat transmititzearen” garrantzia nabarmendu du eta “ezinbestekotzat” jo du “osasuna eta tokiko ekonomia eskutik helduta joatea”. Egitasmoaren “ezaugarri preziatuena belaunaldi berrien transmisioa” da alkatearen iritziz, eta hori lortu nahi dute programarekin: “Ikasturte bakoitzean ikasle berriak sartzen dira geletan eta horregatik da ezinbestekoa transmisio kate honek etenik ez izatea. Prebentzioa eta hezkuntza dira gure osasunaren zutabe nagusiak eta ohitura osasungarriak txikitatik barren-barrenean txertatzen badira, etorkizuneko gizarte osasuntsuago eta kontzienteago bat izateko aukera izango dugu”.













