Ordiziako merkataritzaren historia eta ondarea ezagutzera emango dituzte bihar
'Betiko dendak, Ordiziako altxorra' ekimenak 50 urtetik gora herrian jardun duten saltokien ibilbidea eta bizipenak bilduko ditu, erakusketa eta mahai-inguru baten bidez. Ondare Jardunaldien barruan kokatzen da.
Garaiko Ordiziako alde zaharreko irudia. Ordiziako Udala Ordiziak beti izan du azoka eta merkataritza bokazioa, eta horren isla da egun oraindik ere Ordiziako Azokak duen indarra. Bada, azokaz harago, herriko saltokiek Ordiziako bizitzan izan duten ezinbesteko ekarpena aitortzeko eta haien historia ezagutarazteko asmoz, Betiko dendak, Ordiziako altxorra ekimena antolatu dute. Proposamena Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero sustatzen dituen Europako Ondarearen Jardunaldien barruan kokatzen da, aurtengo Arriskuan dagoen ondarea leloari lotua, eta udalak eta D’elikatuzen babesarekin antolatu da.
Ekimenaren bitartez, merkataritza tradizionalak herriaren bizitzan izan duen bilakaera eta garrantzia ezagutarazi nahi direla azpimarratu dute antolatzaileek, bai eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako esperientziak eta oroitzapenak ere.
Erakusketa eta mahai-ingurua
Ildo horretan, bi ekimen izango dira bihar Ordizian. Batetik, Betiko dendak, Ordiziako altxorra erakusketa ikusgai izango da bihartik hasita D’elikatuz zentroan. Erakusketak 50 urtetik gora Ordizian jardun duten saltokiei buruzko informazioa eta haien historiak ezagutzeko aukera emango du, garaiko eta gaurko argazkiak zein testigantzak baliatuta. Azaroaren 8ra arte egongo da ikusgai.
Bestetik, mahai-inguru berezi bat egingo dute bihar eguerdian, 13.30ean hasita, D’elikatuzen bertan. Saioan, merkataritzaren historiaz gain, azken hamarkadetako bilakaera bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, herriko hainbat saltokiren ordezkarien eta merkatarien esperientzien bidez.
Parte-hartzaileen artean izango dira, besteen artean, Aguirre Zapatadendako Maria Antonia Arratibel, Lasa Harategiko Nikolas Lasa, Vicuñako Alberto Ajuria eta Zabale belardendako Carmen Esnaola. Beren establezimenduen historia, bizipenak eta ibilbidea partekatuko dituzte.













