Tokiko ekoizleen lehengaiekin egindako produktuak aurkeztuko ditu Uztaolak Ordiziako Azokan
Goizane eraldaketa-gunean garatutako zazpi produktu berri aurkeztuko dituzte bihar, 11:30ean. Eraldaketa urte osora zabaltzea eta tokiko ekoizleen lehengaiei merkaturatzeko aukera berriak eskaintzea du helburu.
Produktuak sortzeko prozesuaren irudia. Hitza Uztaola Elkarteak baratzezain eta frutazainen lehengaiak eraldatzeko garaturiko produktu berriak aurkeztuko ditu bihar, Ordiziako Azokan. Goierriko Hamabostaldi Ekologikoaren barruan kokatu dute aurkezpena, eta tokiko produktuei balio erantsia ematea, ekoizleentzako merkaturatze aukera berriak sortzea eta Zaldibiako Goizane eraldaketa-gunearen erabilera urte osora zabaltzea ditu helburu. 11:30ean hasiko da.
Uztaola Goierriko lehen sektoreko ekoizleen elkarlanetik sortutako egitura kolektiboa da, eta tokiko lehengaiak eraldatu eta merkaturatzeko aukerak sortzea du xede. Zaldibiako Goizane zentroa dago erdigunean, eta sagarraren eraldaketan izan du orain arte jarduera nagusia, baina lana urteko bizpahiru hilabetetara mugatzen zen. Egoera horri aurre egiteko, eraldaketa-lerro berriak garatzeari ekin diote azken hilabeteetan, azpiegituraren erabilera urte osora zabaltzeko asmoz, eta egindako lan horren guztiaren emaitza izango da biharkoa.
Izan ere, Goizane eraldaketa-zentroan landutako produktu berrien artean daude sagar konpota eta sagar gozoa, fruitu gorrien marmelada, kalabaza eta sagar chutneya, tomate saltsa, pistoa eta kalabaza purea. Produktu fresko gisa merkaturatzeko zailagoak diren lehengaiak, soberakinak edo ekoizpen garai jakinetako bolumenak aprobetxatzea da lerro berriaren helburuetako bat.
Lehen sektorea indartzeko elkarlana
Lan-lerro eta produktu berri horien garapena Barnetik Elikatzen lankidetza-ekimenaren barruan kokatzen da. Proiektuak Goierriko lehen sektorea indartzea eta eskualdeko elikadura-sistema sendotzea ditu helburu, ekoizpena, eraldaketa eta merkaturatzea ikuspegi beretik lantzeko.
Goieki, Uggasa, Goimen eta Biziola dira ekimenaren sustatzaileak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elikadura Misioaren finantzaketarekin. Uztaolaren produktu berriak garatzeko prozesuan, berriz, Elkolab, Leartiker eta Biziola kooperatibak aritu dira lanean elkartearekin batera, urte hasieratik Goizane zentroan.
Egitasmoaren atzean, beraz, produktu sorta berri bat merkaturatzeko asmoa baino gehiago dago: eskualdeko ekoizleei lehengaiak eraldatzeko azpiegitura kolektiboak eskaintzea eta tokian sortutako balioari Goierrin bertan eustea. Horrela, besteak beste, freskoan saltzeko zailtasunak dituzten produktuei merkaturatzeko beste bide batzuk ireki nahi dizkiete.














