Uraren Euskal Agentziak arrainentzako arrapalak jarri eta berrituko ditu Oria ibaian
Jarduketak Zegaman eta Seguran egingo dituzte. Arrainen lekualdatzea erraztu eta ibaien egoera ekologikoa hobetzea ditu helburu.
Segurako Armaolako arrapala herrigunetik 1,4 kilometrora kokatuta dago.Hitza Uraren Euskal Agentziak —URAk— Oria ibaian arrain espezieen zirkulazioa errazteko eta bertako ekosistema hobetzeko bi jarduketa egin nahi ditu Goierrin. Hala, arrainentzako arrapala berri bat egin nahi da Zegaman, eta egun Armaolako eremuan egoera kaskarrean dagoen arrapala berritu, Seguran. Bi jarduketa hauek egiteko deialdia egin berri du Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasun sailak. Bi jarduketak Oria Garaiko Kontserbazio Bereziko eremuan kokatuta daude, ingurumen balio handiko espazioan.
Zegamako kasuan, herrigunean egingo da esku hartzea, Oria ibaiak Elizalde eta Askatasunaren Etorbidea kaleak zeharkatzen dituen gunean. Ibaiaren eskuinaldeko ertzean eraikiko litzateke arrapala berria, amaitu gabe dagoen arrapala zahar baten ondoan. Gaur egun dagoen presa txikiak eragindako 1,5 metroko desnibela konponduko du azpiegitura berriak.
Izan ere, mota honetako presa txikiek, «hainbat espezie urtarren lekualdatzea oztopatu dezakete, euren habitatak suntsitu ditzakete eta kasu batzuetan, ur ekosistemen gaitasun naturala murrizten» dute. Zegaman aurreikusitako lanek, «ibaiak korridore ekologiko gisa berreskuratzen lagunduko du, faunaren zirkulazioa erraztuz, ekosistemen erresilientzia handituz eta biodibertsitatea kontserbatzen lagunduz».
Sei asteko epea
Zegamaren kasuan, lizitazioaren aurrekontua 94.531,19 eurokoa da (BEZa barne) eta obrak gauzatzeko epea 6 astekoa izango da, esleitzen den unetik hasita. Proiektuak 32 metroko luzera eta %5,8 inguruko malda izango duen arrainentzako arrapala bat aurreikusten du. Deflaktore bat ere eraiki beharko da, arrapalaren funtzionamendu hidraulikoa bermatzeko eta sedimentuek eta legarrek arrainen sarrera oztopa ez dezaten.
Seguraren kasuan, herrigunetik 1,4 kilometrora kokatuta dagoen Armaolako arrainentzako arrapala berritzea izango da egitekoa. Armaolako arrapala 2011n eraiki zuten eta frogatuta dago «martxan egon den denbora tartean, amuarrainen komunitatearen igarobidea erraztu» duela. 70 metroko luzerako azpiegitura izan da eta 4,15 metroko desnibela konpondu izan du Oria ibaiaren zati honetan. Gaur egun, denboraren eraginez, zati bat puskatuta dago.
Ibai tarte horretan mazkaria, amuarraian arrunta eta aingira bezalako espezien presentzia dago eta obra honi esker, «ubidearen joan-etorriak erraztuko dira eta ibaiaren egoera ekologikoa hobetuko da». Proiektuak 78.566 euroko aurrekontua du (BEZ gabe) eta obra burutzeko epea 5 astekoa izango da.
Life Kantauri proiektua
Lanak ingurumenean ahalik eta eragin txikiena izan dezaten faunarentzako aldi sentikorrenetatik kanpo egingo dira; lanerako esparru lehorrak ur hesien bitartez isolatuko dira eta ibaian behera solido isuriak gertatzea ekidingo dute. Europako Life Kantauri proiektuaren baitan burutuko dituzte lanak, Natura 2000 Sareko bost ibai lerrotan.

Oria ibaia Zegamako erdigunetik igarotzen. HITZA













