Ludopatiari buruz ariko da Josu Viana Ataunen
Ataungo Oargin egingo du hitzaldia, bihar, 18:00etan. Apustuetan "100.000 euro inguru gastatutakoa" da Zumarragakoa.
Josu Viana Zumarragako Beloki pilotalekuan, 2021eko argazki batean. Asier Zaldua Ludopatiaren inguruko hitzaldia izango da Ataungo Oargin, ostegunean, 18:00etan. Josu Viana zumarragarra izango da bertan bere esperientzia kontatzeko. Vianaren esanetan, apustuetan 100.000 euro inguru gastatu ditu. Ataungo udalak eta Ataungo Kirol Elkarteak elkarlanean antolatu duten ekimena da. Bere helburua Vianaren esperientzia abiapuntutzat hartuta, «jokoak gure gizartean duen eragina ezagutuko dugu», diote antolatzaileek.
Viana 18 urterekin, unibertsitatean zegoela, hasi zen apustuak egiten. Asteburuetan lagunekin apustu makina zeukan taberna batera joaten zen eta euro bateko apustuak egiten hasi zen. Euro batekoak ziren hasieran, baina denborarekin gutxitan eta diru gutxirekin egiten zuen hori zeharo aldatu zen. Maiz eta diru asko jokatzen hasi zen. Zurrunbilo horretan harrapatuta gelditu zen.
Ludopatia ixilpeko adikzioa da, zumarragarrak dioenez. Izan ere, bera apustuen zurrunbiloan bazegoen ere, ingurukoentzat bizitza normal bat zeraman. Vianaren esanetan, «nik mugikorretik jokatzen nuenez, ezkutatu egiten nien ingurukoei». Orduan, dirurik gabe gelditzen zenean, lagunei edo senideei «eskatu edo lapurtzen» zien.
Momentu batean, lagun guztiekin horrenbeste zor zituela ikusita, lagunak arazotan zebilen galdetzera joan zitzaizkion. Orduan lagunek esan zioten: berak familiakoei nola zebilen kontatzen ez bazien beraiek egingo zutela.
Vianak une horretan «beldurra» sentitu zuen, eta «irtenbiderik gabe» ikusi zenean, gurasoei kontatzea erabaki zuen 27 urterekin. «Nire diru guztia apustuetan gastatu dut eta jende askorekin zorretan nago». Une horretaz zera aitortu du: «Momentu oso gogorra izan zen, baina nire inflexio puntuaren hasiera izan zen».
Errehabilitazioa
Gurasoek izan zuten erreakzioa tristura, haserrea eta negarra izan zela oroitu du. Baina, arazoaz jabetuta zeudelarik konponbidearen bila hasi ziren. Errenteriako Ekintza BIBE elkartean egon zen 27 urtetik 29ra bitartean: «Bi urte horiek asko lagundu zidaten, baina arau oso zorrotzak zeuden».
Berak ezin zuen dirurik eraman eta gastatzen zuen guztia ordainagiri batekin justifikatu beharra zeukan. Hala ere, bi urte horien ondoren, berriro erori zen menpekotasunean.
«Batetik, jendeari esaten diot probatzen dutena dena delakoa dela ere, mugak jartzeko, eta muga horiek askotan pasatzen hasten diren momentuan laguntza eskatzeko»
Josu Viana. Ludopata izandakoa
Bigarren aldi horretan erabaki zuen Ekintza BIBE-ra ez itzultzea. Orduan, Donostiako psikologo batekin hasi zen terapia pertsonalera joaten. Psikologo horrekin beste bi urte eta erdiz ibili zen, «astero-astero».
Hitzaldiak ematen
Orain dela 4 urte eta erdi hasi zen zumarragarra ludopatiaren inguruko hitzaldiak ematen. Beste enpresa batean lanean ari zen, baina bi gauzek animatu zuten bere esperientzia kontatzera: «Ikusgarritasuna emateko ludopatiaren gaiari, eta prebentzio lan bat egiteko».
Ikastetxeetara joaten da ikasleekin, irakasleekin edo gurasoekin prebentzio saio hauek ematera. Gainera, momentu hartan «indartsu eta errehabilitatua» zegoen.
Saioetan bi gauzetan jartzen du arreta gehien zumarragarrak: «Batetik, jendeari esaten diot probatzen dutena dena delakoa dela ere, mugak jartzeko, eta muga horiek askotan pasatzen hasten diren momentuan laguntza eskatzeko». Izan ere, Vianak uste du gaztetxoek gauzak probatuko dituztela egunero gertatzen den zerbait delako geure gizartean.
Azkenik, apustu etxe eta joko aretoen inguruan bere iritzia eman du Vianak: «Jendeari ahalik eta diru gehiena atera nahi die». Berak hartzen duen posizioa da, prebentzio lan hori egitea.













