Sagardo Asteak mende laurdena osatuko du aurtengo edizioan
Gaurtik urriaren 17ra bitartean dolarea martxan izango da. Doako autobus zerbitzua egongo da museora igotzeko.
Beasain BHI institutuko DBH 2.mailako ikasleak gaur goizean, Igartubeitin. Josune Zarandona Hasi da Igartubeitiko 25. Sagardo Astea. Baserriko azpiegitura erraldoia martxan jarri dute berriz, eta urriaren 17ra arte, sagar zanpaketak eta dolarearen funtzionamendua zuzenean ikusteko aukera izango da. Baserri museoaren urteko ekintza garrantzitsuena da, urte guztian zehar dolarea martxan ikusi daitekeen une bakarra delako. Sagardo Astearekin batera, Igartubeiti baserri museoak ateak ireki zitueneko 25. urteurrena ere bete da aurten, eta mende laurdeneko ospakizunek segida izango dute datozen aste eta hilabeteetan.
Gaur goizean egin dute irekiera ofiziala. Kizkitza Ugarteburu, Igartubeitiko koordinatzaileak; Mari Jose Telleria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak; Libe Otaegi, aldundiko Turismo zuzendariak; Joseba Telleria, Ezkioko alkateak eta Igartubeitirekin batera Sagardo Astea antolatzeko lanetan diharduen Sagardoa Routeko koordinatzaile, Olatz Mitxelenak hartu dute hitza aurkezpen ekitaldian.
Igartubeitiren mende laurdeneko ibilbidea oso presente izan dute guztiek euren hitzartzeetan. Ugarteburuk eskerrak eman ditu 25 urte hauetan alboan izan dituzten norbanako eta erakundeei; azpimarra berezia eginez «Ezkioko komunitate osoari». Kultura zuzendariak begirada atzera botata, orain 25 urte aldundiak proiektu hau martxan jartzeko izan zuen «ausardia» goraipatu du. Goierrin, Igartubeiti turismoa erakartzeko bitarteko nagusietako bat izanik «benetakotasunaz» hitz egin du Otaegik, «hori delako kanpotik datozen turistek Gipuzkoa bisitatzen dutenean bilatzen dutena; eta Igartubeiti horren adibide garbia da», esan du.
“Ezkioko komunitatea eskertu nahiko nuke, beraiek direlako Igartubeiti martxan ipintzen dutenak”
Kizkitza Ugarteburu. Igartubeitiko koordinatzailea
Ezkioko alkate Joseba Telleriak dolarea lehenengoz martxan jarri zuteneko eguna oroitu du, «baserriko habeak zarata izugarria ateratzen zuten eta ezer jakin gabe jarri genuen martxan, logikari jarraituz». Igartubeitiri esker Ezkio «mapan kokatu» dela ere aipatu du, eta turismo jasangarriaren aldeko aldarria egin du. Amaitzeko, Sagardoa Routetik «sektore bezala hau zaintzeko eta bizitza emateko betekizuna» dutela azpimarratu du Mitxelenak. Hitzartzearen ondoren, 25 urteko ibilbidea jasotzen duen bideo motza aurkeztu dute.
Baserriaren 25. urteurrena ospatzeko Itziar de la Granja artistaren eskutik komunitatean sortu duten zumitzezko sagar erraldoia aurkeztu dute ondoren, eta ohiko brindisaren atzetik jarri dute dolarea martxan, sagar zanpaketarekin. Aurten, Beasain BHI institutuko DBH 2.mailako ikasleak izan dituzte gonbidatu gisa, baita Sagardoa Routek gonbidatutako hainbat turista atzerritar ere.
Egitaraua
Sagardoaren Astearekin batera, programazio oparoa jarriko dute bisitarien eskura urriaren 7tik 17ra, eta sagarraren prentsatzeaz gain, trikiti saioak eta antzerkia egongo dira, kirikoketa erakustaldiak eta erakusketak ikusi ahalko dira, eta Legazpiko Langileen Ibilbidea bisitatu ahal izango da. Urteurren berezi hau komunitatearekin ere ospatu nahi da, eta hala, urriaren 10ean eta 11n, larunbata eta igandea, festa berezia ere egingo dute Igartubeiti Baserri Museoaren eta Interpretazio Zentroaren inguruetan. Bisitariek bertan bazkaltzeko aukera izango dute eta bazkalondorena Arandia anaiak eta Elustondo anai-arreba trikitilariek girotuko dute.
Urriaren 7, 8, 9, 13, 14, 15 eta 16an izango da dolarea martxan ikusteko aukera, 11:30etik aurrera. Urriaren 10, 11, 12 eta 17ko sagar jotzetan kirikoketa talde bat ere izango da. Garai bateko baserritarren bizimodua irudikatzen duten antzezpen saioak ere izango dira urriaren 10ean, 11n, 12an eta 17an, 10:45etatik aurrera, Urretxu-Zumarragako Karmakros antzerki taldearen eta Amaia Ruiz de Galarreta aktore tolosarraren eskutik.
Erronka Garbia helburu
Igartubeiti Baserri Museoak jasangarritasunaren aldeko apustuan lanean jarraitzen du, eta aurtengo Sagardo Astea Erronka Garbia ingurumenaren jasangarritasun planaren baliozkotzearekin egingo da. Horren harira, bisitariak garraioa publikoa erabiliz gerturatzeko kanpainak egin dituzte eta lehenengo aldiz, doako autobus zerbitzua jarriko dute Ezkioko industriagunetik museora. Ahalik eta hondakin gutxien sortzea ere izango da helburuetako bat eta uraren kontsumoa murrizteko eta kontrolatzeko ere hainbat neurri hartuko dituzte.


































