Uztaola Elkarteak zazpi produktu berri aurkeztu ditu Ordiziako Azokan
Produktu berrien dastaketa egin dute. Horien artean daude, sagar konpota gozoa eta sagar gozoa, fruitu gorrien mermelada, kalabaza eta sagar chutneya, tomate saltsa, pistoa eta kalabaza purea.
Uztaola Elkarteak baratzezain eta frutazainen lehengaiak eraldatzeko Zaldibiako Goizane zentroan garaturiko zazpi produktu berri aurkeztu ditu gaur, Ordiziako Azokan. Goierriko Hamabostaldi Ekologikoaren barruan kokatu dute aurkezpena eta herritarren eskura jarri dituzte produktu berriak, dastaketa gisa.
Uztaola Elkartearen talde motorreko kide den Miren Arrizabalagak eman du dastaketan jarritako produktuen berri. Horien artean daude, besteak beste, sagar konpota gozoa eta sagar gozoa, fruitu gorrien mermelada, kalabaza eta sagar chutneya, tomate saltsa, pistoa eta kalabaza purea. Arrizabalagak azaldu duenez, produktu fresko gisa merkaturatzeko zailagoak diren lehengaiak, soberakinak edo ekoizpen garai jakinetako bolumenak aprobetxatzea da lerro berri honen helburua.
Elkarlanaren emaitza
Lan-lerro eta produktu berri horien garapena Barnetik Elikatzen lankidetza-ekimenaren barruan kokatzen dela azaldu du Intza Barandiaran Biziola Kooperatibako kideak: “Proiektuak Goierriko lehen sektorea indartzea eta eskualdeko elikadura-sistema sendotzea ditu helburu, ekoizpena, eraldaketa eta merkaturatzea ikuspegi beretik lantzeko”.
Goieki, Uggasa, Goimen eta Biziola dira ekimenaren sustatzaileak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elikadura Misioaren finantzaketarekin. Uztaolaren produktu berriak garatzeko prozesuan, berriz, Elkolab, Leartiker eta Biziola kooperatibak aritu dira lanean elkartearekin batera, urte hasieratik Goizane zentroan.
Argazkiak: Izaro Villarreal














