Zaldibiako festetan bi gizonek hainbat neskari eraso egin dietela salatu dute
Goierriko Itaiak eta Goierriko Gazte Feministak taldeek ohar bana kaleratu dute gertakariak salatzeko.
Larunbat eguerdian Zaldibiako festetan ateratako argazki bat.Aimar Maiz Goierriko Itaia eta Goierriko Gazte Feministak taldea feministek ohar bana kaleratu dute joan den asteburuan, Zaldibiako festetan, bi gizonezkok hainbat neskari egindako erasoak salatzeko.
Itaiak dioenez, bi gizonek hainbat neskari “ukituak” egin zizkieten, eta gertakaria “gogor” salatzeaz gain, babes osoa adierazi diete erasoa jasan zuten emakumeei. “Garbi dago festa giroan era honetako jarrerak erabat normalizatzen direla, eta horren aurrean lehentasunezkoa da horiei erantzutea eta egoera desnormalizatzea”.
Horretarako, “matxismoaren aurkako kontzientziazio lanean eta borrokan jarraitu beharra” aldarrikatu du Itaiak, eta erasoen aurrean “erantzun aktiboa” edukitzea gizartearen ardura dela nabarmendu du.
Espazio seguruak eraikitzeko deia
Goierri Gazte Feministak taldeak ere, erasoak “irmoki” salatzeaz gain, elkartasuna eta babesa helarazi nahi diete eraso horien biktima izan direnei. Beste behin, festak ez dira espazio seguru bat izan goiburua daramak oharra dioenez, festa giroan zein egunerokoan “kalea leku segurua” izan behar da guztiontzat. “Halako jarrerak gaitzetsi, seinalatu eta horiei aurre egitea behar-beharrezkoa dugu erasotzaileen inpunitatearekin amaitzeko”.
Haien esanetan, feminismoak eraikiko ditu espazio seguruak eta egunez egun lanean jarraituko dute hori lotzeko bidean, “zapalkuntzarik gabeko espazioak eta herriak eraikitzera bidean”. Erasoei “autodefentsa feministaz aurre egiteko” deia egin dute Goierriko Gazte Feministek.













