‘Erosketa bat, taupada bat’ dinamika berria martxan da Ordizian
Ordizian merkatarien elkarteak herritarrak bertako establezimenduetan erostera bultzatu nahi ditu. Urriaren 23ra arte iraungo du, eta denera, 31 sari zozketatuko dira.
Ordizian elkartearen erakusleihoa, bihotzez apainduta. Ordizian «Ordiziako establezimenduetan egiten den erosketa bakoitza herria bizirik mantentzen duen taupada bat da», ideiatik tiraka abiatu berri du Ordizian merkataritza elkarteak udazkeneko kanpaina. ‘Erosketa bat, taupada bat’ lelopean abiatu berri du, eta urriaren 23ra bitartean egongo da martxan. Denera, 31 sari banatuko dira kanpainara atxikitutako establezimenduetan erosten duten herritarren artean, guztira 3.500 euroko balioarekin.
Hala, kanpainari atxikitutako establezimenduetan erosketa bat egiten duen pertsona bakoitzak bihotz formako txartel bana jasoko du zozketetan parte-hartzeko; erosketa bakoitzeko txartel bana emango da, erosketaren zenbatekoa edota ordainketa modua edozein dela ere. Izen-abizenak, telefono-zenbakia eta erosketaren establezimendua idatzi beharko dira txartel horietan. Erosketa guztiek duten balioa azpimarratu du Ordizianek: «Erosketa guztiek sortzen dute jarduera, enplegua eta bizitza Ordizian».
Hiru zozketa eta sariak
Kanpainan zehar, gutxi gora behera, 30.000 bihotz formako txartel banatuko dira, eta 31 sari izango dira jokoan, guztira 3.500 euroko balioarekin: lehen zozketa urriaren 16an izango da, 100 euroko 15 bonu; bigarrena, urriaren 22an, 100 euroko beste 15 bonu; eta hirugarrena, azkenik, urriaren 23an, 500 euroko erosketa bonu berezi bat.
Erosketa bonu guztiak Ordizian elkarteko saltokietan erabili beharko dira; sarien zenbatekoa tokiko merkataritzara itzuliko denez, Ordiziako jarduera ekonomikoa sustatzen jarraituko du.
Erakusleihoak apainduta
Bihotza da kanpaina berriaren elementu bisual nagusia, eta hori bera jarriko dute parte hartzen duten establezimenduek erakusleihoetan, denen artean «irudi bateratu, alai eta erraz ezagutzeko modukoa sortzeko». Bihotzaren sinbolismoa ere azpimarratu du elkarteak: «Bihotz bakoitzak establezimendu baten taupada irudikatuko du, eta guztien artean Ordiziako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen bihotz handia osatuko dute».
Ordizianek, hala, herritarrak gertuko establezimenduetan erostera eta herria taupadaka jartzera animatu ditu.













