Eskola garraioaren aldeko elkarretaratzea egingo dute bihar
Ikasleen irteera orduan egingo dute elkarretaratzea, 14:15ean. Gainera, gurasoek diote bide juridikoak eta administratiboak martxan jarri dituztela.
Ordiziako Oianguren institutuan zaldibiarren aldarrikapena. Manex Usarralde Eskola garraioaren aldeko elkarretaratzea egingo dute Ordiziako Oianguren institutuaren aurrean, bihar, 14:15ean. Ikasleen irteera orduarekin bat egingo dute guraso, irakasle eta herritarrek. Izan ere, ikasleei eskola garraioa kentzea “isilik” pasatu nahi dutela adierazi du Guraso Batzarrak. Horregatik, bide juridikoak eta adiministratiboak martxan jarri dituztela eta ekintzekin jarraituko dutela adierazi dute: “Laguntza juridikoa izaten ari gara eta Arartekora eta Eusko Jaurlaritzara joko dugu”.
164/2023 dekretuak 4km baino gertuago bizi diren ikasleei, eskola garraio eskubidea ukatzen die, baina, salbuespenak aplikatu izan dira azken urte hauetan. Izan ere, ikastetxetik ikaslearen bizilekura oinezko bide segururik ez dagoen kasuan, salbuetsita geratzen da 4kmko baldintzatik dio Guraso Batzarrak: “Zaldibia eta Oianguren ikastetxearen artean, kontua ez da oinezko bidea ez dela segurua, baizik eta ez dela oinezko biderik existitzen; nola eta ez den mendiz egiten”.
Azalpenak emateko eskaera
Horretaz gain, 164/2023 dekretuak jasotzen dituen hainbat bete behar, familiei egin beharreko jakinarazpenak, hilabeteko epea ematea errekurtsotarako eta abar… Hezkuntza Sailak ez dituela bete eta ezta Oianguren ikastetxeak berak ere diote gurasoek:” Ikastetxeari dagokio oinezko biderik ez dagoela azaltzen duen informea egitea”. Baina, horrelakorik ez dela egin azaltzen dute: “2015eko dekretuak eta ondoren 2021ak ere, salbuetsitako herri eta auzo mordo bat jasotzen zituen, eta orain ez dakigu zer gertatu den horiekin”. Hezkuntza Sailari murrizketa hauek zer dela eta egin dituen azaltzeko eskatzen diote. “Murrizketak derrigorrezko hezkuntzako ikasleekin egin dituztelako”.












