Herriko jaietako bigarren astebururako prest dira zaldibiarrak
Bihar eta larunbatean Zaldibiako jaiei amaiera emango diete zaldibiarrek.
Zaldibiako jaietako kuadrilla eguneko bazkaria, 2023.Asier Zaldua Zaldibiako jaietan hurrengo asteburua gelditzen da. Ostiralean jaia berriro bere lekua hartzen hasiko da, gero larunbatean bete-betean amaitzeko kuadrilla egunean.
Ostiralari dagokionez kirol eta kultur eskaintza egongo da, pilota txapelketako partidekin eta Iztueta Zaldibiako dantza taldearen emanaldiarekin. Ondoren, patata tortilla lehiaketa egongo da Xirika Kulur Elkarteak antolatuta.
Larunbatean kuadrilla eguna izango da, eta goizetik hasiko da jaia Zaldibiako kaleetan. Aurten berrikuntza bat egongo dela adierazi du Eztitxu Mujika Kultura zinegotziak: «Orain arte Iparra-Hegoako taldeak prestatzen zuen bazkaria, baina aurten, aldiz, Biziolak prestatuko du». 400 lagun inguru bilduko direla azaldu du. Lana errazteko kuadrilla bakoitzak «pertsona bat aurrez aukeratu du bazkaria zerbitzatzeko bere mahaiean», ere gehitu du.
Bi erasotzaile jaietan
Festak jarraitzen badute ere, aurreko asteburuan bi gizonezkok hainbat neskari eraso egin zietela salatu dute Goierriko Gazte Feministak eta Goierriko Itaia taldeek. Itaiak eta Gazte Feministak talde feministek ohar bana kaleratu dute erasoak salatzeko.
Itaiak dioenez, gertakaria «gogor» salatzeaz gain, babes osoa adierazi diete erasoa jasan zuten emakumeei. «Garbi dago festa giroan era honetako jarrerak erabat normalizatzen direla, eta horren aurrean lehentasunezkoa da horiei erantzutea eta egoera desnormalizatzea».
Goierri Gazte Feministak taldeak ere, erasoak «irmoki» salatzeaz gain, elkartasuna eta babesa helarazi nahi diete eraso horien biktima izan direnei. «Erasoak gaitzetsi, seinalatu eta horiei aurre egitea behar-beharrezkoa dugu inpunitatearekin amaitzeko». Beste behin, festak ez dira espazio seguru bat izan goiburua daraman oharrak dioenez, «kalea leku segurua» izan behar da guztiontzat, uneoro.
EGITARAUA
Urriak 9, ostirala
16:30-18:30. Herriko Pilota Txapelketako partidak.
18:30. Iztueta dantza Taldearen emanaldia plazan.
19:30. Patata tortilla lehiaketa.
21:00. Tortillen aurkezpena eta afaria.
23:30. Andoni Ollokiegiren kontzertua.
Urriak 10, larunbata
11:00. Txanbolintero txistulariak.
11:00-13:30 eta 16:30-19:30. Puzgarriak.
13:00: Kuadrillen irteera, Jun Da Jo txarangarekin.
14:30: Bazkaria plazan.
18:00: Kuadrillen arteko jokoak.
21:30: Kilimak.
00:00: Zatekeen erromeria eta ondoren, DJ Sawanaba.












