HINE Group-ek Nord Fluid enpresa bereganatu du
Nord Fluidek 40 urtetik gorako esperientzia eta 60 milioi eurotik gorako fakturazioa dauka.
Jokin Gibelalde HINEko Zuzendari Nagusia, eta Nord Fluid enpresako Daniele Brambilla eskuinera eta Alberto Carlo ezkerretara.Hitza HINE Group-ek bere hazkunde estrategiari jarraituz Nord Fluid enpresa italiarra bereganatu du. HINEk atzo jakinarazi zuen eragiketa horren berri ohar baten bidez. Talde italiarrak 40 urtetik gorako esperentzia duela adierazi du Olaberriko enpresak. “60 milioi eurotik gora fakturatzen ditu, 400.000 erreferentzia baino gehiago ditu stockean; eta Italian, Eslovenian eta nazioarteko merkatuetan presentzia sendoa du”.
Eragiketaren bidez, HINEk enpresa italiarraren gehiengoa eskuratuko du, eta datozen urteetan kapitalaren %100 eskuratzeko konpromisoa hartu du. Danielle Brambilla Nord Fluid enpresako Zuzendari Nagusiak zein Alberto Carlo Finantza eta Eragiketa Zuzendariak Nord Fluid gidatzen jarraituko dute HINEren barruan. Olaberriko enpresak eragiketa 2025-2028 Plan Estrategikoaren barruan kokatzen du.
Inkorporazio horrekin, euskal enpresak bere jarduera zazpitik bederatzi herrialdetara zabaltzen duela adierazten du, hain zuzen ere Espainia, Estatu Batuak, Brasil, Mexiko, India, Txina, Polonia, Italia eta Eslovenia. Jokin Gibelaldek nabarmendu duenez, “Europan dugun presentzia zabaltzen du eta industria-merkatuan zein mugikortasun sektorean hazten jarraitzeko aukera ematen digu”. Gainera, HINE Group-ek azpimarratu du 1.ooo profesional izatera “hurbiltzen” ari dela, eta 2027an 300 milioi euro inguruko fakturazioa lortzeko “helbururantz” aurrera egiten duela.













