Mugi txartela tramitatzeko aukera Zumalakarregi museoan
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak eta Ormaiztegiko Udalak lortutako akordioari esker jarriko dute martxan zerbitzua, urriaren 13tik aurrera.
Lourdes Azpiazu, Zumalakarregi museoko koordinatzailea; Azahara Dominguez, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako presidentea eta Jon Enrike, Ormaiztegiko alkatea. Gipuzkoako Foru Aldundia “Ormaiztegiko Mugi txartelaren erabiltzaileek Gipuzkoako garraio publikoaren sistemarekin lotutako hainbat izapide egin ahal izango dituzte udalerritik atera beharrik gabe. Zumalakarregi Museoa Mugi arreta-puntuen sarera batu da, eta txartel berriak eskatzeko eta birkargak egiteko aukera emango du, beste herri batzuetara joan beharrik gabe”. Hala azaldu du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako —GGLA— presidente Azahara Domínguezek.
Adierazi duenez, zerbitzu berria hilaren 13an, asteartean, jarriko dute martxan. “Arreta egokia bermatzeko, museoko langileek prestakuntza espezifikoa jaso dute GGLAren eskutik. Era berean, GGLAk Ormaiztegiko Udalarekin elkarlanean jardun du puntu hau martxan jartzea ahalbidetzeko”, zehaztu du.
Azahara Domínguezek gogorarazi duenez, “udaberriaz geroztik, Mugi txartelak eskatu eta birkargatu daitezke Ataun, Albiztur, Beizama eta Urretxuko udaletxeetan, baita Gipuzkoan zehar banatutako hogei bat bulego eta baliabide turistikotan ere. Gainera, aurten sarean sartutako puntu horiek beste hamabost bat udalekin bat egiten dute; izan ere, udal horietan ere izapide horiek egin daitezke”.
Bestalde, Ormaiztegiko alkate Jon Enrikek “herritarrentzako zerbitzuak hobetzea beti dela eskertzekoa” baloratu du. “Ormaiztegiko bizilagunok Mugi txartela herritik mugitu gabe atera ahal izatea garrantzitsua da guretzat. Bakoitzak gure eskumen eta ahalbideetatik erakunde desberdinak lanean dihardugu kalitatezko garraio publikoa eskaini eta azpiegiturak hobetzeko eta zeregin honetan ekimen honek gauzak errazten dizkigu herritarroi”, esan du.













