Artileari gorazarre, Baserritarren Egunean
Igandean izango da, 43. Euskal Herriko Artzai Gazta txapelketarekin batera. Artileari buruzko erakusketa gaurtik ikusgai, Baserritarren Egunaren harira.
Artaldea Idiazabalgo herrigunetik igarotzen, iazko Baserritarren egunean. Lide Egizala Igande honetan, urriak 11, Euskal Herriko Artzai Gazta-Idiazabal Baserrikoa txapelketaren 43. edizioa eta Baserritarren Eguna ospatuko dituzte Idiazabalen. Goiz osoko festa izango da, eta besteak beste, ganadu erakusketa, gaztagile eta artisauen postuak eta herri kirolak izango dira. Gazta-egite erakustaldia, Mendiko Gaztaren dastaketa eta lehiaketa herrikoia eta artaldea herritik pasatzen ikusteko aukera ere izango da. Artzai Gazta elkarteak, Idiazabal jatorri izendapenak, Idiazabalgo Udalak eta San Blas abeltzain elkarteak antolatuko dute eguna, hainbat babesleren laguntzarekin.
Gazta lehiaketan Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako txapelketetan sailkapen onenak lortutako gaztagileek parte hartuko dute, 40 inguru. Epaimahaia sukaldari, artzain, pertsonai ezagun eta Idiazabal jatorri izendapeneko dastatzaile ofizialek osatuko dute. Beraien ardura izango da aurtengo Euskal Herriko Artzain Gazta-Idiazabal Baserrikoa gatzarik onena aukeratzea.
Lehiaketa ofizialarekin batera, dastaketa eta lehiaketa herrikoia ere izango da, urtero bezala. Aurten berezitasun batekin, Mendiko Gaztak izango baitira dastaketa honetan parte hartuko dutenak. Artzainek latxa ardien esne gordinarekin egindako gazta ondua da, modu tradizionalean Aralar, Urbia eta Aloña mendilerroetan dauden bordetan egindakoa.
Artilea balioan jartzea
Aurtengo Baserritarren Egunak artileari gorazarre egingo dio. Idiazabalek artzaintzarekin duen lotura betidanikoa da eta artilea «lanbide eta bizimodu horren adarretako bat» dela azpimarratu dute. Artilea «mendeetan zehar hotzetik eta berotik babesteko» erabili izan da eta gaur egun «ia hondakin bezala erabiltzen bada ere, isolatzaile naturalik onena izaten jarraitzen» du.
Zuntz naturalak eta tokiko jasangarritasuna. Latxa ardia erakusketarekin, ardi artilearen balioa berreskuratu nahi dute. Erakusketa gaur 18:00etan zabalduko dute udaletxeko areto nagusian eta igandean 11:00etan bisita gidatua eskainiko dute Mia Rissanen eta Birte Kurth erakusketako komisarioek. Erakusketa Mestiza elkartearekin elkarlanean osatu dute eta urriaren 23ra arte egongo da ikusgai.













