Adimen-A taldeak 'Lubaki' abestia aurkeztu du
Hiri Galduak, Black Diamond, Loccomotor… taldeetan ibilitako bi musikarik Adimen-A izeneko egitasmo berriarekin datoz. Azken bi urteak lozorroan konposatzen egon eta gero, 2026ko urte bukaeran kaleratuko dute beraien lehen LPa.
11 abestiz osatutako diska luzea da, non doinu gogor eta metaleroak, elektronikarekin nahasten diren. Musika industriala, hardcorea edo rap ikutuak diska osoan aurkitu daitezke, “emaitza gordin eta orekatu bat lortuz”. Diska Exekutibo estudioetan grabatu da eta nahasketa&masterra Aimar Ibarzabalek burutu du “maixutasunez”.
Egitasmoaren aurrerapen gisa, Lubaki abestia aukeratu da. Bertan, adimen artifiziala erabiliz, gaur egun munduan dauden sarraskiei buruz hitz egiten da, biktima baten ikuspuntua erabiliz. Bideoa, Bideolan taldeko lagunek sortu dute.
2027an hasiko dira kontzertuak ematen bikote moduan: Exekutibo (ahotsa) eta Satelite (gitarra).












