Goierritarrak Munduko Euskal Pilota Txapelketara bidean
Eskuz, Ekhi Irribarria aramarra buruz buru ariko da, eta Beñat Azketa eta Beñat Garmendia beasaindarrak binaka. Gurpildun aulkiko gomazko palan, berriz, German Elkoro beasaindarra lehiatuko da. Igandean abiatuko da selekzioa Argentinara.
Euskal Pilota Selekzioa, urriaren 1ean egindako aurkezpen ofizialean.Irekia Munduko Euskal Pilota Txapelketa jokatuko da urriaren 15etik 24ra Argentinan eta Uruguain. Berezia izango da, lehen aldiz lehiatuko baita Euskal Pilota Selekzioa modu ofizialean munduko txapelketan. Euskal selekzioaz gain, beste hamalau herrialdek parte hartuko dute, hainbat modalitatetan. Guztira, 41 pilotarik eta bederatzi hautatzailek parte hartuko dute euskal selekzioarekin. Tartean lau goierritar daude: eskuz, Ekhi Irribarria aramarra eta Beñat Azketa eta Beñat Garmendia beasaindarrak, eta gurpildun aulkiko gomazko palan, German Elkoro beasaindarra.
Eskuz zein gurpildun aulkiko gomazko palako partidak Argentinan izango dira, Buenos Airesen. Igandean (urriak 11) abiatuko da selekzioa Loiuko aireportutik, eta euskal herritarrei dei egin diete animoak ematera joateko, 07:30ean.
Eskuz, 36 metroko frontoian, binaka zein buruz buruko modalitateak izango dira. Bietan, Frantzia, Espainia eta Mexiko izango ditu aurkari euskal selekzioak. Ekhi Irribarria buruz buruko taldean ariko da; Frantzia izango dute aurkari urriaren 16an, Mexiko urriaren 18an eta Espainia urriaren 20an. Ligaxka horretatik bi onenek jokatuko dute finala urriaren 23an.
Irribarria, buruz buru
Lesio batetik dator aramarra, baina «sentsazio oso onak» izan ditu azken entrenamenduetan. Espainiako selekzioarekin jokatutakoa da, baina aitortu du «beste sentimendu batzuk eta beste ilusio bat» eragiten diola euskal selekzioarekin jokatzeak: «Ikaragarrizko plazera da, amets bat. Azkenean lortu du euskal selekzioak zuen helburu hori eta ofizialtasun hori, pilotan behintzat». Helburua «buruz buruko txapel hori irabaztea» izango da: «Ahalegin guztiak egingo ditugula ziur egon. Egurra ematera eta irabaztera!».
«Ahalegin guztiak egingo ditugula ziur egon. Egurra ematera eta irabaztera!»
Ekhi Irribarria. Pilotaria
Azketa eta Garmendia, binaka
Beñat Azketa aurrelari eta Beñat Garmendia atzelari, binakako taldean ariko dira. Horrela egokitu zaie ligaxka: lehen partidan Mexiko urriaren 16an, bigarrengoan Frantzia urriaren 18an eta hirugarrenean Espainia urriaren 20an. Azketak azaldu du «uda nahiko serio hartu» duela entrenamendu aldetik eta «inoiz baino gehiago prestatuta» iritsiko dela. «Besoan molesti batzuekin ibili arren, azken 3 asteetan guztiz ondo nabil, eta gogoz nago hara joan eta partidak jokatzen hasteko».
Helburua «lehenengo Frantzia eta Mexikori irabaztea» izango da, bi partida horiek irabaziz gero Espainiakoren kontrakoan sailkatuta egongo liratekeelako. Gero, «urrea irabazteko eta munduko txapeldun ateratzeko helburu argia» dute. «Beharbada Espainia aterako da faborito, bikote oso indartsuak eramaten dituzte, baina gu ere ondo prestatuta goaz».
«Amets hori aspalditik daukagu, gertu dago eta amets hori betetzera joango gara Buenos Airesera».
Beñat Azketa. Pilotaria
Euskal selekzioarekin munduko txapelketa jokatzea «ametsa eta harrotasuna» da Azketarentzat. «Orain urte gutxi ez geneukan aukera hori eta urruti ikusten genuen, amestu bai baina ez nuen uste errealitate bihurtuko zenik, eta gainera hautatua izatea sekulako harrotasuna da». Presioa ere sentitzen du ondo egiteko nahi hori dela-eta, baina gogoa eta ilusioa gailentzen da: «Amets hori aspalditik daukagu, gertu dago eta amets hori betetzera joango gara Buenos Airesera».

Eskuzko selekzioa. Beñat Garmendia ezkerretik hirugarrena da, Ekhi Irribarria eskuinetik hirugarrena eta Beñat Azketa eskuinetik lehena.Irekia
Espainiako selekzioa, aurkari nagusi
Garmendia «pribilegiatua» sentitzen da euskal selekzioaren parte izateagatik. «Historiarako geldituko da euskal selekzioak munduko txapelketa batean parte hartu zuen lehenengo aldia, gure izenak hor agertuko dira eta sekulako ilusioa eta harrotasuna eragiten digu». Sentsazio onarekin iritsiko da txapelketara, «otsailean lesio nahiko larri bat» izan bazuen ere: «Nerbio sistema ukitu zidan eta besoko nerbioan eragin zidan. Nahiko buruhauste eta kalbario pasata, uste dut otsailetik eduki dudan sentsaziorik onena orain daukadala eta hori zen intentzioa, ea sentsazio horrek irauten duen txapelketa bukatu arte».
«Historiarako geldituko da euskal selekzioak munduko txapelketa batean parte hartu zuen lehenengo aldia, gure izenak hor agertuko dira eta sekulako ilusioa eta harrotasuna eragiten digu»
Beñat Garmendia. Pilotaria
Espainiako selekzioa nabarmendu du. Haren ustez, hura izango da aurkari nagusia, nahiz eta «mailari eutsi ezean sorpresak» ere egon daitezkeen. «Frantzia eta Mexiko ere kontuan eduki beharreko selekzioak dira, ez doaz denbora pasa eta denek eman dezakete sorpresa gure maila ematen ez badugu». Berak ere argi du helburua: «Urrea irabaztea eta munduko txapeldun ateratzea».
Azketak, Garmendiak zein Irribarriak, hirurek argi dute helburua, eta horretan dute jarrita begirada. Ondorenerako plana ere badute: bidaia luzatuko dute, eta txapelketa amaitzean Argentinan geldituko dira haien kabuz.

Gurpildun-aulkiko gomazko palako selekzioa. Ezkerretik lehena da German Elkoro.Irekia
Frontoian zein trinketean
Gurpildun-aulkiko gomazko palako euskal selekzioak, berriz, Frantzia, Argentina eta Portugal izango ditu aurkari. Mikel Merino euskal selekzioko pilota egokituko hautatzaile donostiarrak azaldu duenez, frontoian zein trinketean jokatuko dute lau selekzio horiek: «Trinketean jokatuko genuenaren berri duela 2 aste inguru eman ziguten, azkeneko momentuko aldaketa bat eman zelako eta jokatzea eskaini zigulako Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioak».
Trinketean, Argentina izango dute aurkari urriaren 16an, Frantzia hilaren 18an eta Portugal hilaren 20an; 36 metroko frontoian, aldiz, Argentina urriaren 17an, Portugal 19an eta Frantzia 21ean. Trinketeko finala, pasatuko balira, urriaren 22an izango lukete, eta frontoiko finala 24an.
Oraindik ez dute zehaztu ze jokalarik jokatuko duten partida bakoitzean. Horiez gain, zesta-puntan, paleta larruz, pala motzean, paleta gomaz, frontball-ean eta xarean ariko dira euskal selekzioko kideak.












