Ate irekiak egingo ditu asteartean Zegamako Berdintasun taldeak
Herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete. 18:30ean emango diote hasiera, kultur etxean.
Zegamako Berdintasun taldeko emakumeak lehendabiziko bileran, 2023ko abenduan. Hitza Zegamako Berdintasun taldeak ate irekien jardunaldia egingo du asteartean, urriak 13, 18:30ean Jabier Otaegi kultur etxean.
Zegamako Berdintasun taldea 2023ko abenduan sortu zuten herriko hainbat emakumek «herriko emakumeak biltzeko gune bat sortu eta ideiak sortzeko» helburuarekin. Herrian aurrera eraman duten lehendabiziko lanketa garrantzitsua izan da herriko zaintzaren mapa osatzea, Farapi elkartearen laguntzarekin 2024an zehar osatu zutena.
Lan horren emaitzetako bat izan zen, 2025eko martxoaren 8an osatu zuten Zaintzaren ibilbidea, «herriko zaintza guneak bistaratzeko eta zaintza hori egiten duten emakume eta gizonezkoei aitortza egiteko». Testuinguru horretan, 1824an Zegaman jaio zen Pascuala Legorburu Maiorari ere omenaldia egin zioten. Legorburuk lan asko egin zuen, herriko jendeari orokorrean eta behartsuei bereziki laguntzeko.
Bertaratzeko deia
Bide horretan, taldera batu nahi duten herritarrei astearte honetarako deitu duten ate irekien jardunaldira gerturatzeko deia egin diete, «berdintasunaren inguruan elkarrekin ideiak partekatu, proposamen berriak jaso eta ekintzak antolatzen jarraitzeko».













