Azpiegiturak eta herri-bideak hobetzeko lanak martxan dira Legorretan
Pumptruck-a asfaltatu eta herri-bide bat berreskuratuko dute.
Legorretako Udalak udalerriko azpiegiturak hobetzen jarraitzeko konpromisoari eutsita, beste bi berrikuntza-lan abiatu ditu: herriko bizikleta parkeko Pumptruck-aren asfaltatzea, batetik, eta Iturri Haunditik Esnaola auzorako herri-bidearen berreskuratzea, bestetik.
Batetik, herritarrei eremu anitzagoa eskaintzeko helburuarekin asfaltatuko da bizikleta parkean kokatzen den Pumptruck-a. Hala, bizikletekin ez ezik, patineteekin, patinekin zein gurpildun aulkiekin ere ibiltzeko aukera zabalduko da. Pool Sport enpresak burutuko ditu lanak eta 39.862,61 euroko aurrekontua izango du. Legorretako Udalak jakinarazi du 24.112 euroko dirulaguntza jaso duela.
Bestetik, iaz Iturri Haundiko eremua berreskuratu ondoren, eremu hau Esnaola auzoarekin lotzen duen herri-bidea berreskuratzeko helburua ezarri du udalak. Lau hau burutzeko, ahala, eremu degradatuak berreskuratzeko dirulaguntza jaso du Legorretako Udalak eta proiektuaren kostu osoa, 26777 euroko dirulaguntzarekin finantzatuko dela aurreratu dute.













