Lazkaomendin oinezkoentzako pasealekua egiteko lehen fasea abian da
Lehen fasearen lizitazio-aurrekontua 437.905,92 eurokoa da. Pasealekua hilerritik Lartxai Elkarteraino egingo dute.
Hondeamakina bat hilerritik Argintzao baserrira arteko zatian lurra mugitzen.Manex Usarralde Lazkaoko Udalak ekin die Lazkaomendiko oinezkoen pasealekua eta azpiegituren proiektuaren 1. faseko lanei, oinezkoen segurtasuna eta mugikortasuna hobetzeko helburuarekin.
Proiektuak 2 metroko zabalera izango duen oinezkoentzako ibilbidea aurreikusten du hilerritik Lartxai elkarteraino. «Argindarra, telekomunikazio eta urzikinak» biltzeko ekipamenduak aurreikusten ditu udalak. Animalien itxiturak egokitu eta sarbideak ere bermatuko dituela dio udalak: «Lursailaren desnibeletara egokituko da, eta hainbat landa-lurzatiri eragingo die».
Proiektuaren kostua
1.Fasearen lizitazio-aurrekontua 437.905,92 eurokoa izango dela BEZ barne dio udalak. Proiektuan lurzorua berdintzeko itxiturak, sarbideak eta lehendik dauden itxiturak berritzeko beharrezko lanak egingo dira, eta «natura eta herri-ingurunea modu harmoniatsuan» integratzeko behar diren neurri guztiak jasoko dituela adierazi du Lazkaoko Udalak.
Pasealekua ibilbideko puntu guztiak «modu arin eta ahalik eta irisgarrienean konekta ditzan» diseinatu dela dio udalak, oinezkoek segurtasunez eta erosotasunez ibiltzeko aukera izan dezaten.
Proiektu gehiago herrian
Lazkaoko Udalak udal aldizkariaren ale berria argitaratu du irailean, herrian egindako lana eta datozen hilabeteetan gauzatuko diren proiektuak herritarrei gerturatzeko. Argitalpenak Gobernu Planaren esparruan bultzatutako jarduera nagusiak batzen dituela azaldu du udalak, eta Lazkaoko eguneroko bizitzari lotutako hainbat arlotan egindako «aurrerapausoen» ikuspegi orokorra eskaintzen du.
Lazkaomendin egiten ari diren lanaren berri aldizkari horretan dator. Horrekin batera, une honetan Lazkaon egiten ari diren edo egin diren beste proiektu batzuen berri ere badakarki aldizkariak. Besteak beste, anbulatorio berria, San Joseko igogailua, Areso parkeko estalpea eta Enpaundi inguruko Begiriztain errekastoa birbideratzea.













