Tren batean gordetako hitzak argitara
‘Tunelean kontu kontari’ irakurgai mailakatua aurkeztu du Patxi Zubizarretak. A2 euskara-mailara egokituta dago. Jokin Mitxelenak egin ditu liburuko ilustrazioak.
Patxi Zubizarreta Dorronsoro, irakurgaia esku-artean duela. Elkar Patxi Zubizarreta ordiziarraren Tunelean kontu-kontari liburua Elkar argitaletxeak argitaratu berri duen irakurgai mailakatua da, eta A2 euskara-mailara egokituta dago. Jokin Mitxelenak egin ditu liburuko ilustrazioak, eta Arian irakurgaiak bildumaren barruan kokatzen da. Irakurmena errazteko, gainera, hiztegi bat eta audio bat eskaintzen ditu. Atzo egin zuen aurkezpen ofiziala, Donostiako Udal Liburutegiko Mandas Dukearen aretoan.
Elurtea da istorioaren abiapuntua. Elur handia egin du, eta tren bat Aizkorriren azpiko tunelean harrapatuta geratu da. Barruan hainbat bidaiari daude, eta ez dakite noiz aterako diren handik. Hotzak, iluntasunak eta ziurgabetasunak sortutako egoerari aurre egiteko, elkarri istorioak kontatzen hasiko dira.
Bost pertsonen bizipenak
Bost dira kontakizuneko protagonistak: maitemindu bat, ikasle bat eta eskale bat, eta haiekin batera, makinista eta txartel-zulatzailea. Bakoitzak bere bizipenak eta istorioak ditu kontatzeko, eta horietako batzuk Zubizarretaren beraren bizitzatik abiatutakoak dira. Horrela, treneko bidaiarien arteko elkarrizketak kontakizun desberdinak biltzen dituen hari bihurtzen dira.
Istorioak kontatzea, beraz, ez da denbora-pasa hutsa, egoera zailari aurre egiteko eta ezezagunen arteko distantzia murrizteko modua baizik. Tunelean harrapatuta dauden pertsonak beren bizipenak partekatzen hasten dira, eta horixe da, hain zuzen, liburuaren ardatzetako bat: istorioek pertsonak elkartu eta egoera zailak eramangarriago bihur ditzaketela. Hala, elkarrizketaren eta kontakizunaren balioa azpimarratzen du idazle ordiziarrak.
Irakurgai mailakatua izanik, hizkuntza ulerterraza da, baina kontakizunak badu A2 mailatik haragoko irakurketa ere. Azken batean, istorioak kontatzeko eta entzuteko beharrari buruzko lana da; baita hitzen bidez besteengana hurbiltzeko moduari buruzkoa ere.













