XIX. mendeko klima aldaketaz eta literaturaz, Zumalakarregin
Van den Driessche geologoak eskainiko du solasaldia, ostegunean. Ondarean Europako jardunaldien saioak, urriaren 17an eta 22an.
Beasainen bizi den Koen Van den Driessche geologoa, iazko azaroan, Gabirian. Aimar Maiz Beasainen bizi den Koen Van den Driessche geologo belgikarrak Iraultzatik Frankensteinera. Sufre-beloa: sumendiak, klima eta historiaren ibilbidea izenburupean solasaldia egingo du ostegun honetan, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan. Hitzaldian, XIX. mendeko erupzio bolkaniko handiek garaiko literaturan utzitako arrastoa aztertuko du geologoak. Parte hartzeko izen ematea irekita dago jada.
1783an, Islandiako Laki sumendiak eztanda egin zuenekoa izango da hitzaldiaren abiapuntua: «Pitzadura kate luze bat ireki zuen, laba eta gas kopuru izugarriak kanporatuz». Isladiatik Indonesiara, 1815eko apirilean, Sumbawa uhartean kokatuta dagoen Tambora sumendiaren leherketarekin jarraituko du hitzaldiak. Fenomeno natural honek mundu osoko kliman eragina izan zuen eta ondorioz, 1816 urtea Udarik gabeko urtea bezala ezagutzen da, hodei beltzek, euri jasek eta ezohiko hotzak Europa ilunpean utzi baitzuten.
1816 urteko uda hura, literaturaren historiako topaketa ospetsuenetako baten lekuko ere izan zen, ordea. Idazle eta intelektual gazte talde bat Genevako Leman aintzirako Villa Diodati etxean elkartu zen eta bilera hark beldurrezko eta zientzia-fikziozko literatura unibertsalaren bi maisulan handi erditu zituen: Mary Shelleyren Frankenstein eta John Polidoriren The Vampyre.
Van den Driesschek garaiko kronikak, zuhaitz eraztunak eta izotz erregistroak aztertuko ditu osteguneko saioan, iragan hura berreraikitzeko helburuarekin.
Izen ematea irekia
Izena emateko mzumalakarregi@gipuzkoa.eus-era idatzi edo 943 88 99 00ra deitu daiteke.
Bertsoak protagonista, Ondarean Europako jardunaldien baitan
Ondarea gure eskuetan lelopean egingo dira aurten Ondarean Europako jardunaldiak, arriskuan edo egoera zaurgarrian dagoen ondarea babestu, kontserbatu eta transmititzeko helburuarekin.
Zumalakarregin bat egin du egitarauarekin eta, Bertso paperak sortuz izenburupean familientzako saio bat antolatu dute urriaren 17rako, 16:30ean; XIX. mendeko komunikazio moduak azaltzeko helburuarekin. Saioa 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat egokia da. Bigarren ekimena, Bertso paperak kantatzen izenekoa, urriaren 22an egingo da, 19:00etan. Aratz Igartzabal bertsolariak eta Iñaki Rezusta musikariak, ahotsa eta doinu jarriko diete XIX. mendeko bertso-paperei.













