Zaintzari buruzko argazkiak, 2027ko egutegia atontzeko
Azaroaren 5era arte jasoko dituzte argazkiak Segurako udaletxean. Sari banaketa ekitaldia abenduan izango da. Diru sariaz gain, irabazleek Goiberri eta Goierriko Hitzaren urte osoko harpidetza jasoko dute opari.
Urtero bezala, Segurako Udalak 2027an egutegia argitaratzeko helburuarekin argazki lehiaketa jarri du abian; aurten, 19. edizioa beteko du. Aurtengo lehiaketarako proposatutako gaia Zaintza Seguran, hazi eta hezi elkarrekin izango da.
Azaroaren 5era bitartean jasoko ditu Segurako Udalak egutegirako balizko argazkiak. Aukeratutako 12 argazkien zerrenda —hilabete bakoitzeko bat— azaroaren 17an emango dute jakitera udalaren web gunean eta sari banaketa abenduaren 11n egingo dute Botikaxaharren, 20. Euskal liburu, disko eta jostailuen azokaren baitan. Seguran erroldatuta dagoen edonork eta Segurako edozein elkarte edo taldek parte hartu ahal izango du lehiaketan.
Bete beharrekoak
Aurkeztutako argazkiak Seguran ateratakoak izan beharko dute; originalak eta inon argitaratu gabeak, eta gutxienez, 300 pixeleko erresoluzioarekin. Egile bakoitzak gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu. Argazkiak udaletxean utzi daitezke azaroaren 5era arte edo emailez bidali kultura@segura.eus helbidera. Argazkien izenburuak, egilearen izen-abizenak, eta harremanetarako telefonoa eta helbidea zehaztu behar dira.
Irabazlearentzat 250 euroko saria egongo da aurten ere, eta bigarrenarentzat 100 eurokoa; baita, Goiberri eta Goierriko Hitzaren urte osoko harpidetza ere.













