‘Errigora’ dokumentala estreinatu eta hasierako boluntarioei omenaldia egingo diete
Lazkaon egingo dira eguneko ekintzak, urriaren 24an. Dokumentalaren emanaldiaz gain, omenaldi ekitaldia eta bazkaria ere izango dira.
Errigoraren Goierri mailako aurkezpena 2014an.Aimar Maiz Hurrengo larunbatean, hilaren 24an, Errigora herri ekimenak egun garrantzitsua ospatuko du Lazkaon. Peru Aranburu Errigorako kideak xehetasunak eman ditu: «Batetik, urteroko udazkeneko kanpainarako grabatu dugun dokumentala emitituko dugu. Bestetik, Erramun Amundarain itsasondoarra, duela urte bete hil zen, eta beste hainbat hasierako boluntario omenduko ditugu».
Urriaren 22an, Lazkaoko eguna baino bi lehenago, Errigorak udazkenero martxan jartzen duen produktuak eskatzeko kanpaina jarriko du martxan. «Tafallan prentsaurreko batekin» dio Aranburuk. Aurten, gainera, kanpainarako «zerbait desberdina» prestatu dutela azaldu du: «Urte eta erdi gabiltza Errigoraren atzetik dagoena txukun azalduko duen dokumental bat grabatzen». Lazkaoko Areria zineman, egunean bertan, bi emanaldi egingo dituzte dokumentala estreinatzeko, 10:00etan eta 11:30ean.
Horretaz gain, Kuxkuxtu txaranga urruñarra egun osoan zehar arituko da giroa alaitzen. Ondoren, 13:30ean, boluntarioen omenaldi ekitaldia egingo dute plazan, eta jarraian, leku berean, herri bazkaria 14:30ean.
Beste ekintza bat ere egingo dutela bigarren dokumental emanaldiaren eta omenaldi ekitaldiaren artean adierazi du Errigorako kideak. «Sukaldaritza ikuskizun bat egongo da, lehenago ere egin izan dugu Iker Markinezekin». Oraingoan, Markinezek ezin duela dio Aranburuk: «Ane Otegiri ere proposatu diogu baina hark ere ezin du». Beraz, oraindik erabakitzeko dute ekintza hori nork gidatuko duen.
Komunitatea sendotuz
Kanpainan zehar dokumentalak balio «erantsia» izango zuela garbi zeukatela hasieratik adierazi du Aranburuk: «Estreinaldia jendeari jakin-mina pizteko egin nahi genuen, baina baita Errigoraren berri dakien jendeak dokumental horri erantzun bat emateko proiektura gehiago atxikituz». Horretarako, Lazkao leku «aproposa» iruditu zitzaien antolatzaileei.
Hori erabakita, Errigorako komunitateko jendeari gonbidapena egin eta jarraian lehen emanaldirako aforoa bete zela aitortu du Aranburuk. «Arerian 380 sartzen dira eta 300 inguru badaude izena emanda izango dira 11:30eko saio nagusian».
Horretaz gain, 10:00etako saioan beste 200 lagun inguru izango direla aurreikusten dute antolatzaileek. Beraz, denera, 500 pertsona inguru joango dira Euskal Herriko hainbat lekutatik Lazkaora urriaren 24an. Aitortu du ekitaldiaren ondoren, bazkaltzera, ez dela jende guzti hori geldituko. Bazkaltzeko 200 lagun inguru izatea aurreikusten dute. Izan ere, oraindik izena emateko epea zabalik dago. Errigorako boluntario sareko parte den jende asko hurbilduko da Lazkaora.
Amundarain gogoan
Hasieran, ordea, dokumentalaren emanaldia egitea besterik ez zeukatela buruan dio Aranburuk. Baina, horrenbeste jende izena ematen ari zela ikustean zerbait «indartsuagoa» egin behar zutela adostu zuten Lazkaoko Errigorako kideekin: «Lazkaokoak ere mila gauzetan ibiltzen dira euskalgintzan, herrigintzan… eta beraiek proposatu zuten bazkaria egitea».
Zerbait handiagoa egiteko ideia horretatik atera zen; hasierako boluntarioak omentzea. Hain juxtu, Amundarain hil zeneko urteurrena izango da data horietan. Aranbururen hitzetan, «Erramunek egin zituen mila gauzen artean zegoen Errigorako boluntario izatea, gainera hasieratik».













